Euskaraldia

“Euskararen erabilera bultzatzea ezinbestekoa da; gure hizkuntza da, bizia ematen diguna”

Maialen Zuazubiskar 2022ko aza. 16a, 11:13

Euskaraldiaren aurtengo edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da eta Elorrioko Parra tabernako kideak ilusioz, gogoz eta emozioz daude. ANBOTOk Txaber Igartza Pildain elorriarragaz berba egin du. 

Badator Euskaraldia. Aurten parte hartuko duzue bertan?
Hirugarren urtez parte hartuko dugu Euskaraldian, eta Parra taberna Elorrioko Ariguneetariko bat izango da, bigarren urtez. 

Zuentzat garrantzitsua da Euskal Herriko ariketa honetan parte hartzea?
Oso garrantzitsua da. Parra tabernatik beti bultzatu izan dugu euskara, edo bultzatzen ahalegindu gara behintzat, barne mailan eta baita kanpora begira ere. Gure hartu-emanetan zein bezeroekin ditugun hartu-emanetan beti ahalegintzen gara euskaraz berba egiten. Baita publizitatea egiterakoan ere, kartelak egiterakoan... Euskara da gure lehentasuna, eta, beraz, gutun bat edo ez bada, euskara hutsez egiten dugu dena. Esaterako, kartelak euskara hutsez egiten ditugu. 

Elorrio herri euskalduna da. Erabilerari dagokionez, zelako bilakaera igarri duzu?
34 urte daramatzat tabernagaz, eta gatxa da dena gogoratzea, baina esango nuke euskararen erabilera handitzen joan dela apurka-apurka. Euskararen egoera hobetu egin dela esango nuke, eta orain gehiago erabiltzen dela. Hala ere, nahiz eta euskaraz jende askok jakin, eta nahiz eta gaur egun euskaraz gazte guztiek edo ia guztiek jakin, erabiltzerako orduan askok erdarara jotzeko ohitura dute. Gugaz, esaterako, denak edo gehienak euskaraz aritzen dira, baina gero euren artean, taldetxoetan, gaztelaniaz ibiltzen dira. Eta jakin, denek dakite euskaraz. 

Euskaraldiak irauten duen bitartean, igartzen duzue erabilera handitu egiten dela?
Bai, eta hori garrantzitsua da, Euskaraldia garrantzitsua den moduan. Horregaitik parte hartuko dugu Euskaraldian, euskara bultzatzeko eta zabaltzeko. Baina, nire ustez, Euskaraldia ez litzateke data horietara bakarrik mugatu behar, urte osoko kanpaina bat izan beharko litzateke, egunerokotasunean presente izan behar dugun zeozer. Kanpainak, sarritan, horretan geratzen dira, kanpaina huts, eta hori apurtu behar dugula uste dut. Guk, esaterako, jaietarako 'izan kaña, izan ardoa, eskatu euskaraz zure tragoa' leloa atera genuen. Baina ez genuen lelo hori jaietarako izatea bakarrik; beraz, orain horri jarraipena ematen gabiltza. 

Horrelako kanpainekin ostalaritzatik euskararen alde asko egin daitekeela erakusten duzue.
Bakoitzak, bere txikitasunetik, asko egin dezake eta gu horretan gabiltza. Euskararen erabilera bultzatzea ezinbestekoa da; gure hizkuntza da, guri bizia ematen diguna. Parran euskarari eta euskararen erabilerari garrantzi handia ematen diegu, gure hizkuntza delako. Elorriarrak Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko nituzke, eta horren ostean Euskaraldiak sortzen duen olatu horretan jarraitzera eta euskaraz aritzera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!