Elkarrekin Podemos - Ezker Anitza talde politikoak hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari. Besteak beste, Durangalderako ospitale bat ipintzeko proiektua sartu dute zuzenketen artean. Talde moreak ohar batean azaldu duenez, "80.000.000 euroko zuzenketak" aurkeztu dizkio Pedro Azpiazu Ogasun sailbruari, "Durangaldean ospitale bat eraikitzeko, Bidasoan anbulatorio berri bat sortzeko eta Donostiako ospitale onkologikoa bultzatzeko". Koalizioaren asmoak, "lehen mailako arreta indartzea, itxarote-zerrendak murriztea, SOS Deiak 112 zerbitzua publiko egitea eta Osakidetzara bideratutako zerbitzu kopurua handitzea" dira.
"Elkarrekin Podemos - Ezker Anitzak aspalditik dihardu eskualdean Durangaldeari eta Lea Artibairi zerbitzua emango dien ospitale bat ezartzeko borrokan", adierazi du taldeak oharrean. "Beharrezkotzat" jo dute eremu geografiko bietako "120.000 biztanleei estaldura ematea, Gernikako ospitalean artatzen direnak baino 50.000 paziente gehiago direlako".