[ARGAZKI GALERIA] Elorrioko ziklo-krosa: Olivia Onestik erakustaldia eman du eta Felipe Orts laugarren bider nagusitu da

Joseba Derteano 2021ko abe. 8a, 15:17

Elite mailan Olatz Odriozola eta Gorka Izagirre izan dira lehenengo euskaldunak.

Itxaroten zena baino eguraldi hobeagaz lehiatu dute gaur goiz-eguerdian Elorrioko Basqueland Nazioarteko Ziklo-krosa. Hotza bai, baina oro har ez du euririk egin momentu batzuetan salbu. Hori bai, aurreko orduetako euriaren ondorioz ibilbidea erabat lokaztuta eta oso astun zegoen, ziklisten lana zailduz.

Emakumeen elite mailan Olivia Onestik erakustaldia eman du. Herenegun 18 urte bete zituen frantziarrak hasieratik amaierara agindu du lasterketan. Itzuliak osatu ahala atzekoekiko aldea areagotzen joan da. Helmugan minutu eta erdiko aldea atera dio Lucia Gonzalez asturiarrari. 2019an ere ziklista bi hauek sailkatu ziren aurreneko bi tokietan, baina orduan Gonzalez nagusitu zen. Amelie Laquebe-k osatu du podiuma. Bizikletak.com taldeko Olatz Odriozola izan da euskaldunik onena zortzigarren postuan.

Gizonetan Felipe Orts alacantearrak laugarren bider irabazi du Elorrioko ziklo-krosa. Kasu honetan ere irabazleak lehenengo tokian eta bakarrik eman ditu itzuli guztiak. Bigarren posturako lehia estuagoa mantendu dute David van der Poel eta Luke Verburg herbeherearrek. Lehenengo itzulian elkarrekin igaro dira helmugatik. Gerora van der Poelek aurrera egin du, baina alde nabarmenik atera gabe. Helmugan 16 segundo egon dira bien artean. Astana taldeko Gorka Izagirre izan da euskaldunik onena zortzigarren. Eiser-Hirumet taldeko Iñaki Guaresti 15. tokian sailkatu da eta Jon Munitxa abadiñarrak, berriz,16. postuan amaitu du.

EMAKUMEEN ELITE MAILA

  1. Olivia Onesti...................... 40.28
  2. Lucia Gonzalez................. 1.33ra
  3. Amelie Laquebe............... 2.21era

GIZONEN ELITE MAILA

  1. Felipe Orts................................... 1.07.06
  2. David van der Poel.................... 2.03ra
  3. Luke Verburg.............................. 2.19ra

NESKEN JUNIOR MAILA

  1. Maria Modenes..................... 47.23
  2. Valeria Mouro....................... 3.06ra
  3. Nahia Arana......................... 3.58ra

MUTILEN JUNIOR MAILA

  1. Raul Mira............................. 36.45
  2. Gorka Corres..................... 1.19ra
  3. Aimar Madina.................... 1.39ra

NESKA KADETEAK

  1. Nahia Garcia................................ 33.42
  2. Ayala Serrano.............................. 36 segundora
  3. Laida Hierro................................. 1.06ra

MUTIL KADETEAK

  1. Hodei Muñoz............................. 25.09
  2. Aimar Quintana......................... 18 segundora
  3. Canor Arboleya......................... 28 segundora
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!