Hirigintzako lizitazio batek eztabaida piztu du Elorrioko EAJren eta EH Bilduren artean

Ekaitz Herrera 2021ko urr. 29a, 20:53

San Bizente Zabaleta eremuko lizitazioan “irregulartasunak” egitea egotzi diote alkateari. Idoia Buruaga alkateak luze barik erantzun dio salaketari: "Lasaitasun osoarekin diot. Udaletxeak ez du inongo irregulartasunik egin". 

Elorrioko EAJk ohar batean adierazi du Idoia Buruaga alkateak "irregulartasun larriak" gauzatu dituela hirigintza arloko moldaketa puntual batean, "udal idazkariaren hiru txostenen kontra" egin duelakoan. Jeltzaleen berbetan, auzia iazko udatik dator. Hau da, Elorrioko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPOan), San Bizente Zabaleta eremuan, moldaketa puntual bat egiteko lizitazio publiko bat deitu zuenetik. EAJk dio kontratua RM Arquitectura enpresari lizitatu zitzaiola, eta hor legoke euren esanetan, ustezko "irregulartasuna". Garai hartan, enpresaren burua EH Bilduren aholkulari urbanistikoa izan zen Galdakaoko Udalean. EAJk gaineratu du udal idazkariak "bateraezintzat" jo zuela lizitazioa, eta horregatik egotzi dio alkateari "irregulartasunak" egin izana.

Idoia Buruaga alkateak ANBOTOri adierazi dionez, Elorrioko Udalak ez du "inongo irregulartasunik egin". Halantxik jakinarazi du Buruagak: "Lasaitasun osoarekin diot. Udaletxeak ez du inongo irregulartasunik egin". Hori dela eta, alkateak auziaren irakurketa propioa plazaratu du. "Egia da HAPOaren moldaketa puntual hori lizitaziora atera zela. Lizitazioa modu garbian egin zen eta enpresa batek irabazi zuen. Gero, Elkarrekin Podemosek epaitegietara eraman zuen lizitazioa, esanez, moldaketa puntuala egin barik, HAPO osoa berrikusi behar zela. Beraz, etengabeko judizializazioetan sartu barik, erabaki genuen HAPO osoa berrikusiko genuela. Eta horixe bera onartu genuen apirilean. Beraz, horrek esan gura du moldaketa puntual hori ez doala aurrera. Eta, ondorioz, lizitatutako kontratu hura bertan behera geratzen dela. Erabaki hau txosten juridiko batean oinarrituta dago, beraz, irregulartasunak, zero".

Buruagak oposizioari egotzi dio udala eta bera "desligitimatzeko" saiakeretan aritzea. "Larria da", esan du alkateak.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!