EAJk Elorrioko Batzokian agerturiko pintaketak salatu ditu

Anboto 2021ko mai. 16a, 15:25

Bizkai Buru Batzarrak Elorrioko eta Ondarroako batzokian pintaketak agertu direla salatu du. 

Goizaldean Elorrioko eta Ondarroako Batzokietan pintaketak egin dituztela salatu du Bizkai Buru Batzarrak. Jeltzaleek ohar bidez azaldu dutenez, "ekintza hauek Ernaik egin ditu, Ezker Abertzalearen gazte erakundeak". "EAJren Bizkaiko exekutibak jarduera antolatu eta kolektibo hauek berehala etetea exijitzen du, azken egunotan lurraldeko Batzokiek pairatu duten jazarpen, mehatxu eta hertsapen kanpainaren barruan egin dira eta", azaldu dute jeltzaleek.

Ernairen ekimena
Bestalde, sare sozialetan Ernaik gazteak larrialdi egoeran daudela aldarrikatzeko egin dutela ekimena jakitera eman dute. "Maiatzaren 7an ehundaka gaztek Hego Euskal Herriko kaleetara atera ginen, larrialdi egoeran gaudela salatu eta gazteok bizi dugun prekarietate egoerarekin behingoz amaitzeko. Bilbon eta Gasteizen Ertzaintzak oldarkor jo zuen manifestarien aurka eta guztira 8 atxilotu eta 65 zauritu utzi zituzten. Ertzaintzaren jokabide horiek ezin dira ardura politikorik gabe gelditu", azaldu dute oharrean Ernaiko kideek. 

Hori horrela, "eredu polizialaren errebisioa egin" eta gazteak "kriminalizatuak izan direla onartzea" eta gazteen larrialdi egoerarekin amaitzeko neurri errealak hartu behar direla aldarrikatzeko egin dutela ekimena jakitera eman dute, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!