Elorrioko Udalak ekainaren 14an zabalduko ditu Eleizaldeko kanpoko igerilekuak

Anboto 2021ko mai. 6a, 18:55

Maiatzaren 10etik aurrera hasiko da udako abonuak izapidetzeko kanpaina 

Elorrioko Udalak ekainaren 14tik irailaren 19ra zabalduko ditu Eleizaldeko kanpoko igerilekuak. Uda honetan osasun krisiak markatuko du denboraldia, eta hori dela eta, udalak prozesua aurreratzea erabaki du. Maiatzaren 10ean hasiko du instalazioetako abonuak tramitatu ahal izateko kanpaina. “Helburu nagusia erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzen jarraitzea da, horregatik, lehenengo pausoa izena emateko erraztasunak ematea da, eta baita abonuak jasotzeko orduan pilaketak saihestea ere”, azaldu dute udaleko arduradunek.

"Gertutik" jarraituko dute pandemiaren bilakaera, eta unean-unean segurtasuna bermatzeko dauden osasun-neurriak betez jardungo du. “Iaz udako denboraldi guztiz atipikoa antolatu behar izan genuen, ordutegiei, edukierei eta segurtasun-neurriei dagokienez murrizketa ugari ezarriz, oso protokolo zorrotzean oinarrituta. Aurten ere kontingentzia-plana eta instalazioak erabiltzeko protokoloa izango ditugu, gune horretaz ahalik eta modu seguru eta lasaienean gozatu ahal izateko. Beraz, funtzionamenduari buruz hartutako erabaki bakoitza indarrean dagoen araudian oinarrituko da, eta etor daitezkeen aldaketetara egokituko da”, adierazi du Dani Palacios Elorrioko Udaleko kirol zinegotziak.

Ekainaren 14tik irailaren 19ra bitartean Eleizaldeko igerilekura sartzeko abonua eskuratu gura dutenek izena emateko orria bete eta dagokion kuota ordaindu beharko dute. Behin izapidea eginda, kiroldegira joan beharko da paseak aurrez aurre jasotzera.

Tarifei, inskripzio-orriari edota ordaintzeko moduei buruzko informazio gehiago izateko, esteka hau bisita daiteke: https://labur.eus/qzXs2

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!