Elorrioko Udalak 15.000 euroko partida bideratuko du hutsik dauden merkataritzako lokalak berraktibatzeko

Anboto 2021ko api. 9a, 13:27

 Elorrioko merkataritza suspertzeko laguntza berria kaleratuko dutela aurreratu du udalak.

Gaur goizean egindako Tokiko Gobernu Batzarrean, Elorrioko Udalak 15.000 euroko aurrekontu-kreditua onartu du tokiko merkataritza sustatzeko eta suspertzeko. Diru-laguntza berri horren helburua, gaur egun hutsik dauden merkataritzako lokaletan jarduera berriak jartzea edo lehendik daudenei jarraipena ematea gura duten ekintzaileei laguntzea da, eta, horrela, tokiko saltoki txikiak berreskuratzea eta indartzea, belaunaldien arteko erreleboa ere bermatuz.


“Azken urteotan Elorrion negozioak eta ostalaritzako establezimenduak zelan ixten ziren ikusi dugu. Globalizazioaren, Internet bidezko salmenten eta saltoki handien ondorioz, inguruko saltoki txikien egoera inoiz baino ahulagoa da... baina gure herriaren bizitza denda txikien, negozioen eta ostalaritzako lokal horietan dago, eta funtsezkoa da belaunaldi berriek txanda hartzea. Ekimen berri honekin, gurea, gertukoa eta herriarena balioetsi gura dugu, eta hori egiteko modurik onena ekintzaileak Elorrion jarduera ekonomikoa hastera animatzea da”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.


Laguntza hori 2021erako onartutako aurrekontuen barruan sartzen da. Ekintzaile berriek 4.000 euro jaso ahal izango dituzte gehienez, jardueraren lehen urtean sortutako gastuak diruz laguntzeko. Eskaerak aurkezteko epea neurria Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hasi eta 2021eko abenduaren 31n amaituko da.
Udalak lehentasuna emango die Elorrioko hirigune historikoko lokaletan dauden
 proiektuei, gaur egun ematen ez diren zerbitzuekin zerikusia dutenei eta ixtear edo itxita dauden jardueren jarraipena ekarriko duten proiektuei. Edozein modutan, ekimen guztiek izango dute aukera laguntza-ildo berri honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!