EAJk eta Herriaren Eskubideak gobernu taldeari leporatzen diote Iguria enpresa Elorriotik joatea

Maialen Zuazubiskar 2021ko ots. 1a, 10:53

EAJk eta Herriaren Eskubideak azaldu dutenez, Elorrion dagoen Iguria S.A. enpresa Igorrera lekualdatuko da. Eta oposizioko bi alderdi politikoek gobernu taldeari leporatu diote hori. 

Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, egun Igurian enpresan 65 langile daude eta Teknaliaren laguntzarekin instalazioak handitzeko beharra izan dute, langile kopurua bikoiztea aurreikusiz. Hori horrela, 2019ko otsailean enpresak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra puntualki aldatzeko eskatu zuela azaldu du EAJk, bere instalazioa alboko landara zabaltzeko. "Duela bi urtetik EH Bilduk enpresaren eskakizuna mahai gainean eduki du eta ez da gai izan erantzunik emateko. Gobernu taldeak ez zuen Plan Orokorra aldatzeko saiakerarik ere egin, ez zion aukera bideragarririk eskaini enpresari", esan du Mikel Arruabarrena alderdi jeltzaleko kideak.

Beraz, abuztuan Iguria bertako tresneria eta makinak Igorrera eramaten hasiko dela jakinarazi du EAJk. "Elorrion eta inguruetan lanpostu berri horiek sortzeko aukera galdu dugu. Gainera, EH Bilduren erantzun ezak udalerriko jarduera ekonomikoa mantentzea kolokan jartzen du", bukatu du Arruabarrenak. 

Elorrioko Herriaren Eskubidea SQ-2D - Elkarrekin Podemos alderdiko kideek, berriz, Iguriaren lekualdatzea gobernu taldearen hirigintza-kudeaketa txarragatik dela esan dute. Eta egungo Elorrioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak herriko enpresen hedapena zailtzen duela kritikatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!