Elorrioko Udalak eta URAk Toloto ibaian amaitutako lanak bisitatu dituzte

Anboto 2020ko abe. 19a, 13:10

Idoia Buruaga Elorrioko alkateak eta Antonio Aiz URA-Uraren Euskal
Agentziako zuzendari nagusiak, amaituta dauden obrak bisitatu zituzten atzo.

Lan horien bitartez Toloto errekaren ubidea birbideratu dute, estalita zeuden 300 metroen ordez Zumelegi ibaian isurtzen den aire zabaleko 240 metroko zati berria egiteko. Idoia Buruaga pozik agertu zen Toloto ibaia berbideratzeko egindako lanen emaitzarekin: “Oso pozik gaude egindako lanarekin. URArekin sinatu genuen hitzarmen barik zaila izango zen udalaren baliabideekin bakarrik obra hau egitea, baina, modu berean, gure aldetik egindako ahalegina oso garrantzitsua izan dela adierazi behar da, 700.000 euro inguru jarri ditugulako".

Obrek 1,6 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta nabarmen murriztu dute udalerriko zenbait eremutan uholdeak gertatzeko arriskua; horrez gain, espazioa eta auzotarren mugikortasuna hobetu dituztela nabarmendu zuten prentsa agerraldian.

Ibilguan euskarririk ez duten 18 eta 14 metroko bi zubi eraiki dituzte, uraren jario librea errazteko, egungo bide-sarearekin jarraitu ahal izateko. "Orain Elorrioko erdigunean birika berde bat dago, eta Ugarte bideko eta Montorra parkeko obrek hori osatuko dute", azaldu dute.

Alkateak ziurtatu duenez, “etorkizunean bi erakundeen artean akordioak lortzen jarraitzea itxaroten dugu, eta Skate Park-a eraiki ahal izateko URAren aldetik behar dugun baimena ere laster iristea espero dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!