Garazi Murua: "Elorriarren alde lan egingo dut, konpromiso eta apaltasun osoz"

Maialen Zuazubiskar 2020ko ira. 28a, 10:41

Barikuan osoko bilkura izan zen Elorrioko Udalean, eta bertan Garazi Muruak kargua hartu zuen. "Nire alderdiak Gizarte Politikak eta Berdintasun sailean herriaren alde lan egiteko aukeratu nau, eta kargua ilusioz hartzen dut. Hala ere, ni postu honetara ekarri nauen arrazoia tamalgarria da", aitortu dio ANBOTOri Garazi Murua EAJko zinegotziak.

Muruak Joseba Muxikak utzitako lekua beteko du. Muxika joan zen abuztuan hil zen. "Heriotza onartzea beti da zaila, baina are gehiago maite duzun pertsona gazte, osasuntsu eta aktibo baten kasuan", jarraitu du Muruak. Gainera, elorriar gazteak Muxika erreferentetzat hartzen duela esan du. "Beti zegoen entzuteko, hitz egiteko eta ahal zuen heinean laguntzeko prest".

Bestalde, berarentzat besteei laguntzea bokazionala dela eta lan egiteko gogoz dagoela azaldu du EAJko zinegotziak. "Elorriarren alde lan egingo dut, konpromezu eta apaltasun osoz", bukatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!