"Hurrengo lau urteetarako gobernu plan bat eratzeko" eskatu dio EAJk Elorrioko Udalari

Maialen Zuazubiskar 2020ko mar. 6a, 12:45

Idoia Buruaga alkateak Elorrioko Udala duela bost urtetik "herri proiektu" bategaz lanean dabilela esan zuen, eta "deigarria" egiten zaiola EAJk hori kritikatzea. 

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran Mikel Arruabarrena EAJko bozeramaileak Elorrioko Udalari "hurrengo lau urteetarako gobernu plan bat eratzea" eskatu zion, eta horretarako partaidetza batzorde bat antolatzeko esan. "Momentu honetan ez dakigu egiten zabiltzaten gauzak burutazioak diren, edo programa baten barruan sartuta daude", adierazi zuen Arruabarrenak.  "Bestalde, 2015ean Amestutako Elorrio eratzeko 100 neurri ezarri zenituzten eta legegintzaldi bukaeran balorazioa egingo zenutela esan zenuten. Baina ez duzue egin", kritikatu zuen EAJko bozeramaileak. 

Idoia Buruaga alkateak erantzun zion EAJko kideari. "Deigarria egiten zait zuek hau kritikatzea, horrelako gobernu plan bat osatzen dugun korporazio bakarraga gara eta", esan zuen Buruagak. Balorazioari dagokionez, eginda dutela baina aurrekanpainan sartu zirenez ezin zutela aurkeztu adierazi zuen. Bestalde, duela bost urte herritarregaz batera "haziak erein" zituztela eta orduz geroztik "herri proiektu" bategaz lan egiten dutela azaldu zuen. "Gainera, gogoratu nahi dizuet herri programa bategaz aurkeztu ginela hauteskundeetara", bukatu zuen Buruagak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!