Haur txikientzako aisialdi gunea zabaltzen hasi dira Elorrioko Ametsola espazioan, martitzen eta eguenetan

Igor Galarza 2020ko ots. 24a, 11:00

Elorrioko Ametsola gunean hainbat guraso batu ziren etxeko txikienei aisialdi zerbitzu bat eskaintzeko asmoz. Urtarriletik dago martxan martitzen eta eguen arratsaldeetan zabaltzen duten espazioa, eta, bertan, 0tik 6 urtera bitarteko haurrek denborapasa ugari dituzte, arratsaldeko orduak luze egin ez daitezen.

Orain pare bat urte ludoteka bat zegoen han zabalik, umeei bideratutakoa. Denbora igaro ahala indarra galtzen joan zen, haur kopurua murrizten zihoan, eta, azkenean, proiektuari amaiera eman behar izan zioten. Hala ere, Elorrioko gurasoek proiektua aldatu eta beste bultzada bat ematea proposatu zuten, eta Elorrioko Udalak eta Haur Partzuergoak materialerako emandako laguntzekin lana aurrera atera ahal izan zuten. Itziar Agirretxe Irigoienek, proiektuan beharrean dabilen gurasoetariko batek, azaldu duenez, hasieran "kostatu" egin zitzaien lanari segida ematea. Ia urtebeteko aurrelanketaren ondoren, gurasoak "pozik" daude lehenengo asteetako emaitzagaz.

Irudimenaren arnasgune
Eli Villar Salor gurasoa "proba" lez hartzen dabil hilabete eta erdia. "Gurasoak haurrak bezain gustura" daudela esan du. Guneak irudimena azaleratzeko aukera ematen duela iradokitzen dute gurasoek: "Hainbat material erabilita, eta haurren arteko komunikazioa gehituz, bakoitzak bere denborapasa irudimenagaz igarotzeko aukera ematen du lokalak", adierazi du Villarrek. Denborapasa horien artean, hainbat ekintza egin dituzte haurrekin; besteak beste, txokolatezko hostoak egiteko tailerra eta argiagaz egindako jolasak.

"Materiala etxetik ekarri behar den tailerrak ditugu. Baina materiala guk ipini behar badugu, aurretik izena ematea baino ez dugu eskatzen. Doan da", azaldu dute. Astean birritan zabaltzea "nahikoa" iruditzen zaien arren, zerbitzua egun gehiagotara zabaltzea etorkizuneko aukera bat dela esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!