18 eta 45 urteko bitarteko hogei emakume, zaintza lanetan dabiltzanak, euskara ikasten dabiltza Elorrion, udalari eta AEKri esker. Senegaletik, Boliviatik, Ekuadorretik, Marokotik, Aljeriatik eta Errumaniatik Elorriora etorritako emakumeek euskarara hurbiltzea dute helburu.
AISA ikastaroek 60 orduko iraupena dute, baina antolatzaileek azaldu dutenez, ondoren euskaltegian jarraitzea da emakumeen aukeretako bat. "Hurbilpen ikastaroa amaitzean euskaltegian bertan geratzea izango litzateke helburua, horrela euskalduntze-prozesuarekin jarraitu dezakete", azaldu du Izaskun Giasola AEK-ko kideak.
Bestalde, hainbat parte-hartzailek ikastaroa "labur" gelditzen zaiela esan dietela, eta luzatzeko proposamena luzatu dietela jakitera eman du Elorrioko Udalak. "Guretzat oso garrantzitsua da bai emakumeen jabekuntza lantzea bai gure hizkuntzara eta gure kulturara hurbiltzeko aukera eskaintzea ere, horregatik eskaini diegu jarraitzeko aukera", esan du Jesus Maria Guridi, euskara zinegotziak.
Parte-hartzaileak pozik
Elorrioko taldeko emakumeak ikastaroa "asko gustatzen zaiela" eta orain elkar euskaraz agurtzen dutela aitortu dute. "Hasieran beldurra eta lotsa ematen zidan hitz egiteak, jendeak barre egingo zidalakoan; baina orain hasi naiz egun on eta arratsalde on esaten", aitortu du Juana Quispe boliviarrak.