Elorrioko ikastetxe publikoetan ezohiko garbiketa orokorra egitea agindu du Eusko Jaurlaritzak

Anboto 2019ko ira. 7a, 12:49

Garbitzaileak greban daude duela lau hilabetetik. Astelehenean ikasturtea hasteko haurreskola, eskola eta institutua garbitzen ari dira Jaurlaritzaren Lan eta Justizia Sailaren aginduz.  

Garbitzaileen grebak eragina izan du ikasturte hasieran Elorrioko ikastetxe publikoen irekieran. Barikuan hastekoak ziren haurreskolako umeek ezin izan zuten ikasturtea abiatu. Irtenbide lez, Elgetara joatea proposatu zieten, baina gurasoek aukera horri uko egin zioten. Joan zen eguenean batzarra egin zuten arazoari irtenbidea bilatzeko asmoz. Udala, Eusko Jaurlaritza, ELA sindikatua eta garbiketa enpresa batu ziren, baina ez ziren ados jarri. Ondorioz, gaia Lan eta Justizia Sailaren esku gelditu zen. 

Eusko Jaurlaritzak atzo kaleratu zuen txostenaren arabera, astelehenerako Elorrioko hiru ikastetxe publikoak garbitu beharko dituzte. Atzo egurdian hasi ziren eraikin horiek garbitzen. Jaurlaritzak ezohiko garbiketa orokorra agindu du ikasturtea hasteko. Bestalde, haurreskolan, zerbitzu minimoak handitu dituzte. Idoia Buruaga alkateak positiboki baloratu du erabakia. "Erabakia begi onez ikusi dugu ikasleek normaltasunez hasi ahalko dutelako ikasturtea". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!