Lehenengoz oposizioko zinegotzi bat lanaldi erdian ariko da Elorrioko Udalean

Maialen Zuazubiskar 2019ko uzt. 16a, 08:33

Urtean 31.197 euroko soldata jasoko du Idoia Buruaga alkateak eta Maria Herrero alkateordeak, 39.366 euro jasoko ditu. Buruaga bi herenera ariko da, eta Herrero lanaldi osoan. Begoña Colomo EAJko zinegotziak, ostera, 17.714 euro jasoko ditu.  

Udaleko funtzionamenduari buruzko erabakiak hartzen jarraitzen dute Elorrioko Udalean. Asteon egin den osoko bilkuran, Begoña Colomo EAJko zinegotzia lanaldi erdian aritzea onartu dute. "Zinegotzi zarenean konturatzen zara bai gobernuan baita oposizioan ere lan asko dagoela egiteko, horregatik zinegotzi bat %60ra udalerako lanean egotea proposatu dugu", adierazi du Joseba Muxika EAJko bozeramaileak. Gobernu taldeak, berriz, Eudelen irizpideak jarraituz Colomo %50era egotea proposatu du. "Ez zaigu koherentea iruditzen liberazio hau, eta ez gaude ados EAJko zinegotzi bat lanaldi erdira egoteaz. Batez ere, azken lau urteotan egin duzuen oposizioa kontuan hartuta, hau larregizkoa da", esan du Idoia Buruaga alkateak. Hala ere, "oposizio on bat egin" eta proposamenak egiteko bada, liberazioa "ondo etorria" izango dela adierazi du alkateak. 

Colomoren liberazioak polemika piztu du, eta Podemoseko Agustin Fernandezek EAJk %25arekin "nahikoa" lukeela esan du, eta gura izanez gero, alderdiak ordaindu diezaiola %50era artekoa. "Aurreko legegintzaldian ez duzue ezertxo ere egin, gauza guztiei ezezkoa eman, besterik ez. Egia da liberazioa eskatzeko aukerak dituzuela, baina herriarren diruagaz horrela aritzea ere", jarraitu du Fernandezek. Horrez gain, Muxika beharrean Colomo liberatzea ez dutela ulertzen esan du Elorrioko Podemoseko bozeramaileak. Muxikak, berriz, lanaz gain "hainbat ardura" dituela esan du. "Gainera, beste zinegotzi batzuei ere aukerak ematea ondo dagoela iruditzen zaigu", azaldu du EAJko bozeramaileak.

Buruaga bi herenera

Idoia Buruaga alkateak, berriz, aurreko legegintzaldian lez %66an ariko da Elorrioko Udalean, 31.197euroko soldatagaz. Maria Herrero alkate ordea, berriz, lanaldi osoan egongo da udalean, eta 39.366 euroko soldata jasoko du. "Legegintzaldi honetan errealitatera egokitzea erabaki dugu. Aurreko legegintzaldian Xabier Dominguez %50era zegoen, baina ez zen erreala, lan karga izugarria zuen", bukatu du Buruagak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!