Elorrioko eraikin, eskola eta lokal publikoetako garbiketa-zerbitzuko langileek greba mugagabea hasi zuten apirilaren 29an. Orduz geroztik, Eulen enpresak azpikontratatuta duen zerbitzuko langile gehienak, 15 langile, greban daude. Prentsa ohar bidez sindikatuak jakitera eman duenez, Elorrioko Udala salatu dute greba eskubidea urratzeagatik. "Uztailaren 5ean greba-batzordeko kideek greba egiten ez duen lankide bat aurkitu zuten grebalari bat ordezkatzen", esan dute.
Horren ondorioz, Eulen enpresaren eta Elorrioko Udalaren kontra demanda bat jarri dutela adierazi dute. "Grebarako oinarrizko eskubidea urratzen ari dira, eta enpresa eta udala greba eskubidea indargabetzen saiatzen ari dira", jarraitu dute.
Idoia Buruaga alkateak, berriz, udalaren eta enpresaren partetik inongo garbiketa agindurik ez dela egon azaldu du.