Durangaldeko Bulkada Eguna ospatuko dute Elorrion

Anboto 2019ko ots. 9a, 15:51

Aurten 40 urte bete dira Jarrai gazte erakundea jaio zenetik, eta urtemuga horren harira dinamika bat martxan ipini du Ernai gazte erakundeak. Gaur egungo militante gazteak eta aurreko belaunaldietakoak batuko dituzte. Martxoaren 23an Elorrion jaialdia egongo da, Durangaldeko Bulkada Eguna. Gaur egin dute aurkezpena.

Izan ere, Bulkada berrien garaia da izena du dinamika orokorrak. Lehengo eta oraingo esperientziak batuta, hurrengo gazte belaunaldiari lekukoa ematea da helburua. Aste santuan zehar Gazte Topagunea egingo dute Lemoan, eta horren atariko ekimena izango da Elorriokoa.  “Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!” lemapean egingo dute, 2002an Elorrion ospatutako Gazte Topagunearen lema beragaz. "Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko borrokarako prest" dauden gazteen bilgune bihurtu nahi dute Elorrioko plaza.

Martxoaren 23an egun osoko egitaraua prestatuko dute. 12:30etik aurrera eskualdeko gazte sortzaileen lana plazaratuko dute; eguerdian bazkaria; arratsaldez jolasak; 19:30ean ekitaldi politikoa; eta gauez kontzertuak: Kaleko Urdangak, Ezetaerre eta Gora Etorri.

Bestalde, aurkezpenean gogoan izan dituzte asteon atxilotutako gazte arabarrak, baita eskualdeko presoak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!