Lau Eskola guraso elkartea sortu dute Elorrioko ikasle eta gurasoentzat ekimenak antolatzeko asmoz

Maialen Zuazubiskar 2019ko ots. 6a, 11:10

Otsailaren 24an Txitxiburduntzi eguna ospatuko dute Lau Eskola guraso elkarteko kideek antolatuta.

Elorrioko Herri Eskolako, Lourdesko Ama ikastetxeko, Txintxirri Ikastolako eta Maria Bitarteko ikastetxeko gurasoak indarrak batuta Lau Eskola guraso elkartea sortu dute, Elorrioko Udalaren laguntzagaz. Sortu berri den elkarte honen asmoa, Elorrioko ikasle eta gurasoek, elkarlanean, denetariko ekintzak egitea da. "Azken urteotan, Elorrioko Udalak akuilu lanak eginda eta diruz lagunduta, guztion artean ekimen ezberdinak garatzen hasi gara eta, bide horretan sakontzeko asmoz, Elorrioko ikastetxeetako gurasook berriki Lau Eskola taldea sortu dugu", adierazi dute elkarteko kideek.

Bestalde, otsailaren 24an denen artean Txitxiburduntzi eguna ospatuko dutela jakitera eman dute. Lehenengo Elorrioko natur bideetatik ibilalditxo bat egingo dute eta ostean, txorizoak erre eta hamaiketakoa egingo dute. Elorrioko guraso eta ikasle guztiei deia egin diete urtean zehar ospatuko dituzten ekimenetan parte hartu dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!