"Gaur, lagun batek lagundurik, Lamunarrieta ingurutik bueltatxo bat egiteko aukera izan dut.
Hainbat aztarna historiko ikusita eta beraien egoeraz arduratuta, zenbait gogoeta etorri zaizkit burura.
Orain dela 82 urte, Elorriora bidean erabili zuten tropa frankistek bide hori.
Lamunarrieta, saroi edo basokorta baten erdigunean dagoen ardatza da. Bertan, erdiko munarriaren inguruan, beste lau agertzen dira. Erdiko harrian, Cel de Marzana 1702. urtekoa den idatzia agertzen da.
Hortik, Martzaako bidea hartuta, beste aztarna batzuetara hurbildu gara. Hauek gudariek egindako lubakiak dira. 82 urte pasatu eta gero, nahiko ondo ikusten da beraien egitura, batez ere hainbat pinu ustiaketaren ondoren.
Gure elkartearen asmoa datorren belaunaldiei hemen zer gertatu zen erakustea da. Memoria ez galtzea, azken finean. Ondare hauek guztiak mantentzea eta bistaratzea merezi duela uste dut.
Nire iritzi apalean, administrazioek —Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta udalak— orain arte ez dute memoriaren aldeko apustu garbirik egin.
Gure basoetan, pinudien azpian, gure historiaren hainbat aztarna daude gorderik. Asko betiko galdu dira, baina gure eskuetan dago dagoena berreskuratzea.
Hau da erakundeei egiten diedan eskaria: berreskuratu eta bistaratu ditzagun altxor horiek guztiak.
Bide horretan bidelagun aurkituko gaituzue".