Buzkantz inguruan skate parkea eraikiko du Elorrioko Udalak

Anboto 2018ko abe. 22a, 10:10
Elorrioko pleno bateko artxibo irudia.

2019ko aurrekontuek jasotzen dute proiektuetako bat da. 

Elorrioko Udalak 2019rako aurrekontuak onartu ditu, EH Bilduren eta SQ-2D alderdiaren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Guztira, 8.540.679 euroko aurrekontua izango du Elorrioko Udalak.

Besteak beste, Buzkantz inguruko lursaila parke bihurtu eta bertan skate parkea irekitzea izango da hurrengo urterako proiektuetako bat. 

Aurrekontuetan jasotzen ez den arren, Toloto errekaren berbideraketa martxan da eta adostutako hitzarmenaren bidez obrak burutzeko  1.000.000 euro baino gehiago jasoko ditu udalak. Lanak udaberrian hastea aurreikusten dute.

Horiez gain, eskola inguruan hainbat egokitzapen egingo dituzte. San Jose auzoa eta errugbi zelaia konektatuko dituen konexio berria eginez edota herri ikastetxeko aldagelak konponduz. Gainera, herri ikastetxeko eraikina eta bertako jolasgunea berritzeko asmoa dute.

Gainera, alde zaharreko etxebizitzetan termitekin dituzten arazoei modu integral batean erantzun asmoz, udalak 120.000 euroko diru partida du, aurten etxez-etxeko azterketa egin ondoren.

Proiektu horiez gain, herriguneko errepideak konpontzeko 85.000 euro eta auzoguneetakoak konpontzeko 40.000 euroko diru-partidak aurreikusi dituzte, eta argiteria hobetzeko 84.400 euro bideratu dituzte.

Hainbat diru-partiden artean, 55.000 euro bideratuko dira gazteentzako ekintzetara. Horrez gain, kirol taldeei 73.000 euro emango zaizkie eta Gizarte eta Berdintasun ekintzetarako 22.000 eta 27.000 euro bideratuko dira, hurrenez hurren.

Aurrekontuak prestatzeko Elorrioko Udalak 500 elorriarren iritziak jaso ditu telefonoz, etxez-etxez eta webgunetik egindako galdetegien bitartez.

“Legegintzaldi hasieran Gobernu Plan bat adostu genuen Elorrioko herritar, eragile eta elkarteekin, eta aurrekontu hauek plan horretan sakontzen dute. Etorkizuneko Elorrio hori herritarrekin batera egin nahi dugu, eta bide horretan edonork lagun gaitzake”, gaineratu du Idoia Buruaga alkateak. 

EH Bilduk "pozik" dagoela azaldu du legegintzaldi osoan aurrekontuak aurrera ateratzea lortu duelako. “Oposizioaren ekarpenak kontutan izaten saiatzen garela adierazten du, eta saiakera hori aurrekontuetan isladatzen da. Aurrekontu hauek elorriarren eskaerei erantzuten diete, herritarrentzat handiak izan daitezkeen gauza txikietatik abiatuz proiektu handietaraino". 

EAJren kritikak

EAJk ostera, ez du gobernu taldearen ikuspuntuagaz bat egiten. Elorrioko EAJk 2019ko udal aurrekontuen kontrako botoa eman du. Jeltzaleek Elorriorako proposatutako proiektu estrategikoek ez dutela inolako islarik 2019ko aurrekontuan kritikatu du EAJk. Pulla-Azkarretako hirigintza arloko garapena, Fytasako lurrak erostea, kiroldegi berriaren eraikuntza proiektua hastea, eta Argiñetako museo proiektuaren eraikuntza dira jeltzaleen helburuetako batzuk. Era berean, gizarte arloko politiketara eta nagusiei zuzendutako aurrekontua txikia dela kritikatu dute. "EH Bildu ez da gai izan partaidetzan oinarritutako aurrekontuak egiteko. Zein legitimitaterekin aterako dituzte aurrera 2019ko aurrekontuak elorriarrek ezagutu barik, gardentasunez lan egiten duela dioen udal gobernuan?", dio Joseba Mujika bozeramale jeltzaleak. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!