Idoia Buruaga izango da Elorrioko EH Bilduren alkategaia

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 8a, 09:45

2019ko udal-hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaia izango da Buruaga.

Legegintzaldi honetan Elorrioko alkate lanetan egon ostean, eta 2011-2015 legegintzaldian EH Bilduko ordezkari oposizioan,  2019ko udal-hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaia izango da Idoia Buruaga Barcena. "Martxan dauden proiektuak bukatu, beste hainbatekin hasi eta etorkizuneko amestutako Elorrio herritarrekin batera irudikatzen eta eraikitzen jarraitu nahi dut. Denontzako lekua izango duen herri ireki, euskaldun, parekide, parte-hartzaile eta bizia", esan du Buruagak. 

EH Bilduko herri egiturak bere zerrendaburua 37 urte dituen eta Arte Ederretan lizentziatua den Buruaga izatea proposatu zuen. Gainera, EH Bilduk prentsa oharrez jakitera eman duenez, barne prozesuan ez zen hautagai alternatiborik aurkeztu, beraz, zerrendaburua Buruaga izango dela jakitera eman zuten. "Elorriar guztiei begira egin du lan urte hauetan zehar, eta gaitasun profesional zein pertsonal handia duela erakutsi du", esan dute EH Bildukoek.

Bestalde, behin alkategaia aukeratuta, herri programa osatzeko prozesua abiatuko dutela jakitera eman dute. Hurrengo hilabeteak proiektu horretan sakontzen emango dituztela esan dute, elorriarrentzako prozesu parte hartzaile bat irekiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!