350 dira jadanik Euskaraldian parte hartzeko asmoa agertu duten elorriarrak. Gehienak ahobizi dira; hau da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko den Euskaraldian euskaraz berba egingo dutenak. Beraz, erronka belarriprest rola hartuko dutenak batzean dute, entzutera animatuko direnak.
Hamaika egunetarako ekimena izango da Euskaraldia. "Baina, ez dugu nahi hamaika egun horietan geratzea", aldarrikatu du Idoia Buruaga alkateak. Beraz, euskararen erabilera urte osoan zehar hedatzera deitu du. Hain zuzen, Euskaraldiko taldekide Arrate Igarzak adierazi du "euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" eman beharreko pausoa dela.
Igarzaren taldekidea da Irati Anakabe, eta hurrengo ekintzen berri eman du. Domekako mahaiaz aparte, inskripziorako hainbat buzoi jarriko direla esplikatu du, udal zerbitzuetan eta baita ikastetxeetan ere. Bestalde, azaroaren 7an (19:00) 2+2 ez dira 4 ikuskizuna eskainiko dute, eta partaideei txapak banatzeko ere aprobetxatuko dute. Horrez gainera, formakuntza saioak antolatu dituzte: belarriprest direnentzat urriaren 30ean eta azaroaren 16an, eta ahobizi direnentzat urriaren 25ean, azaroaren 6an eta azaroaren 20an.