"1968an kalean, ikastetxerik barik, geratu ziren ume guztiak hartu genituen Elorrioko Ikastolan"

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 29a, 09:03

50 urte beteko dira Elorrioko Txintxirri Ikastola sortu zutenetik. Urteurren hori ospatzeko egun osoko jaialdia egingo dute ekainaren 2an, tartean herri bazkaria. ANBOTOk Jose Ramon Urizar eta Manu Igartiburu sortzaileekin hitz egin du.

Dagoeneko 50 urte igaro dira.
Jose Ramon Urizar: Nork esango zigun guri orain 50 urte gaur hau ospatzen egongo ginela.

Nolakoa izan zen Ikastola sortzeko garai hura?
Manu Igartiburu.: Garai oso gogorrak izan ziren. Elorrion Ikastola sortzeko beharrizana ikusi genuen, eta kurtsoa hasteko zegoela, herrian zeuden hiru eskolek ateak itxi zituzten. Hainbat ume eskolarik barik geratu ziren. Orduan, zenbait ikastetxetako kideak batu eta gestora bat sortzea erabaki genuen, beti ere Ikastolak izango zuen espirituagaz.
J.R.U.: 1968an errepublika garaian eskola nazionalak sortutako lau gela bakarrik zituen Elorriok, eta gainontzeko ume guztiak kalean geratu ziren. Orduan, 1968an kalean, ikastetxerik barik, geratu ziren ume guztiak hartu genituen Elorrioko Ikastolan.

Finantziazioa ere lortu behar izan zenuten, beste hainbat gauzen artean.
M.i.: Ez genuen dirurik, eta, orduan, originalak izatea pentsatu genuen. Herrian zeuden fabrika eta denda guztietara joan ginen gure proiektua azaltzera. Beraz, Ikastola aurrera ateratzeko, egunean langileko pezeta bat emateko eskatu genien enpresei

Zelako erantzuna jaso zenuten?
J.R.U.:  Erantzuna oso ona izan zen. Herrian proposamena ondo hartu zuten eta horrek finantziazioan asko lagundu zigun.

Hainbat traba ere izan zenituzten.
J.R.U.:  Asko. Urte piloan baimenik barik aritu giren. Agintariek ez zioten Ikastolari baimenik eman gura, baina aurrera egin eta orain 50. urteurrena ospatuko dugu.

Momenturen batean pentsatu zenuten amore ematea?
M.i.: Bai, pare bat bider batzarretara joan eta utzi egingo genuela esan genien. Baina gainontzeko batzarkideek zein Ikastolako gurasoek beharrezkoak ginela eta jarraitu egin behar genuela esaten ziguten.

Ezinbestekoak izan zineten orduan?
J.R.U.:  Ezinbesteko bakarra Josune Munitxa irakaslea izan zen. Berarengatik izan ez balitz, Ikastola ez zen aurrera irtengo. Beti izango dugu Josune gogoan, baita berak Ikastolarengatik egin zuena ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!