Bellon eta 'Katxue'-ren oroigarriak kaltetu izana salatu du Elorrioko Ezker Abertzaleak

Maialen Zuazubiskar 2018ko mai. 28a, 11:44

Apirilaren 19an Guardia Zibilak Jose Mari Aranzamendi 'Katxue' eta Arkaitz Bellonen oroigarriak kaltetu zituela azaldu du Elorrioko Ezker Abertzaleak.

Apirilaren 19an, goizaldean, Guardia Zibilak Jose Mari Aranzamendi 'Katxue' eta Arkaitz Bellon elorriarren oroigarriak kaltetu zituela azaldu du Elorrioko Ezker Abertzaleak. "'Katxue'-rena eraman egin zuten eta Bellonen oroigarriari kalteak eragin zizkioten". Asteburuan hainbat elorriarrek apirileko gertakariak salatu dituzte eta Berriozabaletara joandako Guardia Zibilek "min ematea" gura zutela adierazi dute. "Herri hau oroimenaren errelatoa lantzen ari den une honetan, beraien errelato bakarra inposatzera etorri ziren, gurea zanpatuz; beste minik egon ez balitz bezala", adierazi dute asteburuan.

"Bellon eta 'Katxue' erahil zituen espetxe politika krudelak bere horretan mantentzen dute eta berriro gertatu ez dadin, mendekuan oinarritutako salbuespen neurri guztiak bertan behera uzteko eskatzen dugu", adierazi zuten prentsaurrekoan.

Horrez gain, 2014an hil zen Arkaitz Bellon eta 17 urte lehenago hil zen Jose Mari Aranzamendiren oroimena ez dietela "lapurtuko" esan zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!