EH Bilduk elkartasuna adierazi die barikuan Elorrion hildako kamioilariaren senitartekoei

Joseba Derteano 2018ko ots. 25a, 16:26

2018an dagoeneko 11 langile hil direla gogoratu du. "Zerbait larria gertatzen ari da gure gizartean, lanean dauden pertsona horien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko gai ez bagara".

Bi arrazoi nagusi ikusten dituzte lan istripuen atzean. Batetik, "beste edozein helburu baino lehen, patronalak irabaziak lortzeko duen grina berezia"; bestetik, bi Estatuen "inposaketen" gainetik Euskal Herriak bere Lan Harreman marko propioa eraikitzeko dituen "zailtasunak". 2018ko lan istripuen datuak -11 hildako- "beldurgarriak" eta "onartezinak" direla salatu dute ohar batean. Horrekin batera, "elkartasuna" adierazi die hildako kamioilariaren senitarteko eta lagunei.

Barikuan 54 urteko kamioi gidari bulgariar bat hil zen Elorrion. Arauneta auzoara heldu zen eta ezin zuen handik irten. Udaltzaingoa laguntzen saiatu zen eta, horretan zebiltzala, ondoezik sentitu eta hil egin zen. Ez udaltzaingoak eta ez ondoren joan ziren osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin gizonaren bizia salbatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!