Zortzi atzerritarren bizipenak batzen dituen dokumentalean parte hartu duzu. Zer iruditu zaizu ekimena?
Samira Benayad: Elorrioko Udalak eman berri duen pauso hau interesgarria bezain beharrezkoa iruditzen zait. Elorrion gauden zenbait atzerritarregaz herriko kultur aniztasunaren inguruko diagnostikoa lantzen ibili dira, eta, gainera, dokumental baten bidez hitza eman digute. Hau atzerritarron integraziorako ezinbestekoa dela iruditzen zait.
Zuri nolakoa egin zaizu integrazioa?
2009an etorri nintzen Elorriora, eta hasieratik oso argi nuen euskara ikasi behar nuela bertakotzeko. Orduan, bi urtez, Euskaltegian aritu nintzen, eta euskaraz hitz egitea oso zaila egiten zaidan arren, euskaraz hitz egiten dutenean gauza asko ulertzeko gai naizela esan dezaket.
Euskaraz jakitea beharrezkoa dela iruditzen zaizu?
Elorrio herri oso euskalduna da eta, noski, euskaraz jakitea ezinbestekoa dela deritzot. Gainera, euskara bultzatzeko egiten den lana behar-beharrezkoa iruditzen zait, azken batean, hau baita bertako hizkuntza, eta erabiltzen ez bada galdu egingo da. Hala ere, atzerritarroi, euskaraz ez dakiten herritarrei, gazteei, euskaraz ikasteko baliabide gehiago eman behar zaizkiela uste dut.
Nolako harremana duzue atzerritarrok elorriarrekin?
Oro har, bizikidetza ona da. Baina, gaurko jaialdi honek elorriarrei atzerritarrok hobeto ezagutzen lagunduko dielakoan nago. Eta alderantziz ere bai, jakina, baita guri ere haiek hobeto ezagutzeko.