Txintxirri ikastolaren 50.urteurrena jaialdi erraldoi batekin ospatuko dute

Maialen Zuazubiskar 2017ko abe. 14a, 10:55

1968ko urtarrilaren 12an ireki zituen ateak Elorrioko Txintxirri ikastolak, eta orduz geroztik hainbat ikasle eta irakasle igaro dira bertatik.

Eguaztenean, ikastolaren 50. urteurreuneko egitarua aurkeztu zuten bost ikasle ohik, 60 hamarkadako, 70eko hamarkadako, 80ko hamarkadako, 90eko hamarkadako eta 2000 ko hamarkadako ikasle banak.

Bertaratutakoei beraien gomutak plazaratu zizkien boskoteak. Esaterako, 1968an, ikastolak ateak ireki zituenean, eskola batetik bestera ibili zirela gogoratu zuten eguazteneko aurkezpenean. Eta, Josune Munitxa sortzaile eta irakasle ohiak egindako lana goraipatu zuten. “Josunek egindako lanari esker da Ikastola orain dena”, adierazi zuten.

1972an Marianisten egoitza izandako Txintxirri jauregia ikastolak eskuratu zuenetik eraikin horretan hainbat oroitzapen on bizi izan dituztela esan zuen boskoteak. Eta ikastolaren ibilbide guztian lan asko egin dela, eta lan asko egiteko dagoela nabarmendu zuten.

Egitarau zabala
Bestalde,eguaztenean, urtarriletik maiatzera antolatu duten egitaraua aurkeztu zuten. Urtarrilaren 11rako omenaldi ekitaldia antolatu dute, Arriolan. Otsailean, argazki erakusketa eta bisita gidatuak egingo dituzte. “Ikastolako oroitzapenak gogora ekartzeko aukera paregabea eskainiko du”, adierazi du David Cobos ikastolako zuzendariak.

Martxoaren 9an bertso afaria egingo dute. “Bertso afari honetara Euskal Herriko txapelduna eta puntako beste bertsolari bat ekartzea da gure asmoa”, jarraitu du Cobosek.

Martxoaren 18an, berriz, mendi irteera egingo dute eta apirilean musika eskolakoek prestatzen dabiltzan abestia aurkeztuko dute.

Jaialdi erraldoia, berriz, maiatzean egingo dute. Cobosek jakitera eman duenez, umeen ikuskizuna, bazkari herrikoia eta erromeria egongo dira, besteak beste. “Hemendik eta maiatzera, gauza asko dago egiteko, baina, lana eginda jaialdi polit bat antolatuko dugulakoan nago”, bukatu du Cobosek.

Dokumentu historikoak
Horrez gain, Ikastolak dituen zenbait dokumentu historikorekin webgune berezi bat sortuko dute Elorrion. Webgune horretan, argazki eta dokumentu zaharrak, sortzaileei egindako elkarrizketak... argitaratuko dituzte. Txintxirriko zuzendaritzakoek jakitera eman dutenez, webgune berri hau jaialdian estreinatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!