Toloto erreka berbideratzeko lanak eta errugbi zelaia atontzekoak, inbertsio nagusiak

Maialen Zuazubiskar 2017ko abe. 13a, 10:59

Egun herri azpitik pasatzen da Toloto erreka.

Datorren urterako 8.750.971 euroko aurrekontua onartu du Elorrioko Udalak; 2017ko aurrekontuak baino 1.379.996 euro gehiago. Atzoko osoko bilkuran EH Bilduko gobernu taldearen eta SQ-2D/Podemosen aldeko botoekin onartu zituzten aurrekontuak. EAJ-PNVk, berriz, aurrekontuen kontra bozkatu zuen.

Egun herri azpitik pasatzen den Toloto erreka berbideratzeko  lanak izango dira 2018ko inbertsio nagusienetarikoak. Elorrioko Udalak lan hauetara 500.000 euro bideratuko ditu. “Lan hauek urak herria ez hartzea eta Ugarteko bidea eta Errebonbilo kaleko lanak egitea ahalbideratuko du”, adierazi zuen Xabier Dominguez hirigintza arloko zinegotziak. Horrez gain, Toloto errekaren berbideraketari esker, herrigunea oinezkotzea lortuko dutela esan zuten.

Errugbi zelaia atontzeko, berriz, 600.000 euro bideratuko dituzte.  Bertan, harmailak, bost aldagela eta beste hainbeste komun jarriz. Proiektu horrek etorkizunean errugbi zelaiko eta herri eskolako irisgarritasuna hobetzea ere helburu duela adierazi zuen Idoia Buruaga alkateak.

Beste proiektu batzuk

Bestalde, 250.000 euro herrigunean Led argiak jartzeko, 220.000 euro Berrioko ur hornidura hobetzeko eta 120.000 Buskantz lursaila aisialdi gune bihurtzeko erabiliko dituzte, besteak beste. "Lehen aldiz gazteei hitza eman die Elorrioko Udaletxeak, eta beraiek eskatu bezala gazteentzako espazioa eta jolasgunea egingo ditugu", esan zuen Maitane Lopez zinegotziak. 14-16 urte inguruko gazteentzat, berriz, gaztegune bat ere sortuko dute datorren urtean.

Horrez gain, herriko tabernekin elkarlanean herrian dauden pertsona nagusiei laguntze aldera jantoki zerbitzu bat jarriko dutela jakitera eman zuten.

Joseba Mujika EAJ-PNVko bozeramaileak, EH Bilduk egindako aurrekontuak "ez direla sozialak" adierazi zuen. "Parte hartzeari uko egin diozue, eta nekatuta gaude kontutan hartzen ez gaituzuelako", esan zuen Mujikak. Idoia Buruaga alkateak, berriz, aurrekontuak "herriko elkarte guztiekin urte osoan" landu direla, eta "gazteei lehen aldiz" hitza eman dietela erantzun zion. "Horrez gain, zuek ere proposamenak egiteko aukera izan duzue, eta denboraz kanpo aurkeztu zenituzten arren, EAJren proposamenak irakurri eta batzuk aurrekontuetan sartu ditugu", bukatu zuen alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!