“Konpetentzietan hezi behar badugu, egin dezagun, baina bizitzarako gaitasunetan”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 11a, 09:04

Hezkuntza arloan erreferente bihurtutako Cesar Bona Garcia Elorrion izan da, ‘Escuchar para educar en igualdad’ izeneko jardunaldia emateko. Azken urte bian batera eta bestera dabil, baina argi du ikasgelan izango dela laster. Umeekin da “zoriontsuen”. Dioenez, “polita da ume batek ikasten jarraitzeko gogoa izatea lortzea”.

Ezinbestekoa da entzutea balioen bidez hezteko?
Bai. Ez diot ez diegula entzuten, entzutea aditz interesgarria dela baino. Ate asko zabaltzen dizkigu entzuteak, eta gauza asko ikasten laguntzen digu. Elkar ezagutzen laguntzen digu. Entzutea eta partekatzea eskutik doazen aditzak dira eta joan-etorria dute: guk lez, umeek ere gauza asko dituzte partekatzeko, baina adierazteko aukerarik eman ezik ez dugu jakingo zer. Entzuten dizutela sentitzea oso garrantzitsua da, eta, horretarako, hori bezain garrantzitsua da entzuten jakitea. Hau guztia ezinbestekoa da balioen bidez hezteko.

Espainiako maisu onena izendatu zintuzten 2015ean. Munduko 50 onenen artean izan zinen. Nola daramazu hori?
Egia esan, ez dut uste horrela denik. Hedabideen kontu bat da, eta, zintzo diot, haserretu egiten nau beti titulu hori agertzeak. Ez dut uste ezertan hobea naizenik. Azken urte bietan askoz gehiago ikasi dut lankideen eskutik, urteetan ikasten baino. Lan zoragarria egiten duen jendea dago, anonimoak, eta ez naiz haien desberdina. Gainean dut fokua, besterik ez.

Hala ere, hezkuntza arloan erreferente bihurtu zara.
Espainian eta Latinoamerikan  asko bidaiatu dut bi urteotan, eta horrek aukera asko ematen du ikasteko eta ikasitakoa partekatzeko. Elorriora etortzeak, horren garrantzitsua den genero berdintasunaz aritzeko, aukera eman dit, hemen hausnartutakoa noan tokira eramateko, eta beste batzuekin partekatzeko.

Genero berdintasuna barneratu da eskoletan?
Ezin dugu orokortu, ez da bidezkoa. Badabil jendea genero berdintasunean lanean, baina egia da ere nik ikasle garaian, umetan zein nerabezaroan, ez dudala inoiz entzun genero berba. Bitxia da 15 urtean inork generoaz hitz egin ez izana, ezta sexu orientazioari buruzko aukerez ere. Funtsezkoa da nire ustez. Paradoxikoa da irakasle izanik, gai honetan formakuntzarik jaso ez izana neska-mutilak hezi behar ditugunean. Horretarako, unibertsitateetan eta irakasle lez lanean ari direnen artean garrantzitsua da formakuntza.

Hutsune bat dago hor?
Eskolan ez da eskolarako hezten, bizitzarako baino. Horrela behar luke. Baina, horretarako, irakasleak erremintak behar ditu. Curriculumak oso luzeak dira, denborarik ez dago, baina umeak bizitzarako hezi behar ditugu. Eskola jazarpena, genero biolentzia... funtsezkoa da gaiok jorratzea prebentzio modura, eta heziketa beharrezkoa da. Izaki sozialak gara, eta administrazioek heziketarako espazioak eta denbora eman behar dute. Harritu egiten nau ikusteak badela ordaindik uste duenik emozioetan heztea moda kontua dela. Inork berba txar bat esatean blokeatzea, beldurtzea, amorrua gestionatzen ez jakitea... izakiaren zati dira, oinarrizkoak, ezagutza lez kontuan hartu beharrekoak.

‘Las escuelas que cambian el mundo’ liburua idatzi duzu. Nolakoak dira eskola hauek?
Egun lanean ari diren eskolak dira, ikastetxean zein gizartean parte hartzen duten neska-mutilenak. Konpromiso soziala dutenak, ingurumenarekiko konpromisoa. Izan ere, umeak aldaketa-eragileak dira. Ume zarenean eta mundura, ingurura begiratzeko aukera ematen dizutenean, ikusitakoa aldatzeko aukera, pauso hori eman eta zerbait berezia senti zenezake. Aipatutako eskolak zazpi tanta baino ez dira ozeano zabalean.

Eskola eta gurasoak eskutik joatea ezinbestekoa da?
Umeen onena ateratzeko ezinbestekoa da familiak eta eskolak taldean lan egitea. Lehen heziketa organoa da familia, ostetik ditugu eskola eta gizartea ere. Eskola leku onena da familiei seme-alabak hezten laguntzeko.

Zer behar dugu hezkuntza on bat lortzeko?
Lehenengo, irakasleen lana aintzat hartzea. Ez gara ohartzen, irakasleok barne, zein garrantzitsua den gure lana. Umeak egunaren erdia daude gugaz, haurtzaroaren erdia. Gure erantzunen arabera joango da umearen izaera eraikitzen. Administrazioak lagundu egin behar digu eta sistema malguagoa behar da. Konpetentzietan hezi behar badugu, egin dezagun, baina bizitzarako gaitasunetan. Formakuntza ere behar da.

Maisu-maistren lanak prestigioa galdu du?
Ez dut uste. Beraien umeen maisu-maistrekin lan egiten duten ehunka gurasogaz egon naiz. Helburu berdina dute: gure umeen onena ateratzea. Maisu-maistrak ez goaz familien kontra, ezta alderantziz ere. Hau gertatu daitekeela ikusiz gero, gelditu eta berba egin dezagun.

Nola eragin du teknologiak?
Bizitzan indartsu sartu da teknologia, eta eskola bizitzaren zati da. Teknologia horren erabilera arduratsua falta da batzuetan. Oso garrantzitsua da egiten den erabilera kontuan hartzea.

Asko begiratzen diogu Europa iparraldeko hezkuntza ereduari. Zer ekarriko zenuke?
Urrunekoa miresteko joera dugu eta badaude kalearen bestaldean oso politak diren esperientziak, hainbeste baloratzen ez ditugunak. Toki guztietatik ikasi behar da. Irakaslegoa baloratzeko era ekarriko nuke. Baina lanbidea duin egiteko, nire onena eman behar dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!