Sinadura ekitaldian Idoia Buruaga Elorrioko alkateak ANBOTOren proiektuari babesa adierazi dio. "Ezinbestekotzat dugu Euskal Herrian tokiko eta euskarazko hedabideak izatea. Esparru hori ezin hobeto betetzen du ANBOTOk gure herrietako berriak eta errealitateak egunero webgune edota sare sozialetan eta ostiralero gure etxeetan zabalduz. Horregatik, eta proiektu hau babesten jarraitu asmoz, gure apustu irmoa berresten dugu 3 urterako hitzarmen hau sinatuz", dio Buruagak.
ANBOTOko arduradunak ere pozik agertu dira sinadura ekitaldian. "Euskararen normalizazioan instituzioek eta euskalgintzako eragileok bide berean jarduteko beharra dugu. Euskaraldia ekimenean, esate baterako, ildo horretan pausu garrantzitsua eman da. Durangaldean ere, indar txikiak batzea ezinbestekoa da, eta hitzarmen hau horren adibidea da", azaldu du Jone Guenetxea ANBOTOko zuzendariak.
Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaileak elkarlanaren balioa azpimarratu du. "Euskararen berreskurapenean elkarlana beharrezkoa da. Sinadura hau elkarlanaren ispilua da. Elorrioko Udalarekin sinatuko akordioak garrantzitsuak diren bi arlo indartzeko balio du: Helduak euskalduntzea eta tokian tokiko informazioa euskaraz jasotzea".