Elorrioko guraso elkarteetako kideek euskara izan dute berbagai, asteon

Maialen Zuazubiskar 2017ko aza. 8a, 15:05

Aste honetan, Elorrioko Udalak bultzatuta, euskararen inguruko motibazio saioak eskaini ditu Berbaro elkarteak. Herri Ikastetxeetako Guraso Elkarteko kideei euskararen inguruko motibazio saioak eskaini dizkiete. “Denbora dezentez gabiltza guraso elkarteko kideekin lanean, eta arlo honetan euskararen erabileran sakondu beharra genuela sentitzen genuen”, adierazi du Bittor Uriarte Elorrioko euskara teknikariak.

Berbaro Elkartekoek eskainitako tailerretan, euskararen normalizazio bidean kontuan hartu beharko liratekeen pausoak jorratu zituzten gurasoekin batera. “Gainera, euskararen erabilera ze esparrutan hobetu beharko litzatekeen ere zehaztu genuen”, adierazi du Amaia Ugalde Berbaro Elkarteko kideak.

Horrez gain, euskararen egoera eta Elorrion nolako erabilera dagoen ere jorratu zituztela jakitera eman dute.

Bestalde, guraso elkarteko kideek beraien seme-alaben  euskararen erabilpenaren inguruan dituzten kexkak plazaratu zituzten tailer hauetan. “Tailerrean batu ziren zenbait gurasoren iritziz, seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera guztiak dituzte, baina, hala eta guztiz ere, gaztelaniara jotzen dute”, adierazi du Ugaldek. Hori horrela, hizkuntza ohituretan zerk eragiten duen eta gurasoek euskaragaz duten harremana zelakoa den hausnartu zutela esan du.

Elorrioko Udaleko kideak, berriz, lehen saioaren ostean herrian euskara indartzeko lanean jarraituko dutela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!