OHZri izan ezik gainontzeko udal tasei eta zergei %1,5eko igoera orokorra aplikatu diete

Maialen Zuazubiskar 2017ko urr. 6a, 08:30

Hiru urtean igo barik mantendu ditu zerga eta tasak Elorrioko Udalak. Atzoko udalbatzarrean, baina, gobernu taldearen eta EAJren aldeko bozkekin onartu dute 2018 urteko zergak eta tasak %1,5 igotzea. Ondasun Higiezinaren Zerga salbu.

Atzoko udalbatzarrean EH Bildu eta EAJren aldeko bozkagaz hiru urtez izoztuta egon diren zergak eta tasak %1,5 igotzea erabaki zuten. Herriaren Eskubidea, berriz, igoeraren kontra agertu zen. "Gure ustez ez da momentua igoera hau egiteko. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera Euskadi apirila eta ekaina bitartean soldatak %1,7 jeitsi dira, eta guk igoera hori egitea ez dugu bidezko ikusten", adierazi zuen Juan Pedro Gallastegik Herriaren Eskubideko kideak.

Idoia Buruaga alkateak eta Joseba Mujika EAJko bozeramaileak, berriz, hi urtez izoztatuta egon diren zerga eta tasa hauek igotzea beharrezkotzat jo zuten. "Zerbitzu publiko on bat emateko hauek igotzea ezinbestekoa da", adierazi zuen Mujikak.

Bestalde, Elorrioko merkataritza bultzatze aldera, 20018an hobari bi emango dituztela jakitera eman zuen Buruagak. Lehenengo hobaria %95ekoa izango da, merkataritza eta ostalaritza guneek intsonorizazio eta irisgarritasun lanak egiteko. Alkateak nabarmendu zuenez, hobari hau zabalik dauden edo orain itxita dauden arren, berriro, zabaltzea gura duten guneek jasoko dute, beti ere, intsonorizazio edo irisgarritasun lanak egiteko.

Bigarren hobaria, berriz, %50ekoa izango da. Hau, merkataritza eta ostalaritza gune berriak zabaltzerako orduan edo egungo dauden guneak eraberritzerako orduan aplikatuko litzatekeela jakitera eman zuen.

Bestalde, zerga eta tasen %1,5eko igoerarekin 22.000 euro inguruko diru-sarrera edukitzea espero dutela adierazi Idoia Buruagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!