Kepa del Hoyo presoaren heriotzaren inguruko adierazpen instituzionala onartu du Elorrioko Udalak

Jone Guenetxea 2017ko abu. 4a, 16:28

EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea alderdiek bat egin dute adierazpen honekin. Idatzi honetan Elorrioko Udalak euskal presoak euren jaioterritik hurbilen dauden kartzeletara eroateko, eta kartzeletako eskumenak euskal erakundeen eskuetan uzteko eskatu du, besteak beste.

Elorrioko Udalak adostutako idatzia

Pasa den astelehenean Kepa del Hoyo preso galdakoztarra hilik agertu zen Badajozko espetxean. 

Zoritxarrez horrelako gertaera ezagun egiten zaigu elorriarroi. Izan ere1997ko otsailaren 7an Jose Mari Aranzamendi Arbulu Alcala Mecoko bere ziegan hilik agertu zen eta 2014ko otsailaren 5ean, 17 urte beranduago, Arkaitz Bellon Blanco Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu zen. 

2014ko otsailaren 6an udal honek pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza defendatzeko konpromezuaz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatu zuen. 

3 urte hauetan espainiar eta frantziar estatuen espetxe politika ez da batere aldatu eta aste honetan bertan beste euskal preso bat bere familia eta lagunengandik urrun, espetxean hil da. 

Egoera hau beti izan bada bidegabea, egun gure herrian bizi dugun errealitate soziopolitiko honetan berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da. 

Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta urrunketa eta sakabanaketarekin amaitu beharra dago. Egoera hau aldatu ezean herri honetako sufrimenduaren soka luze honek ez du amaiera izango. 

Hauek horrela, Elorrioko udalak ondorengo puntuak onartzen ditu: 

1. Horrelako gertakari samingarri baten aurrean, Kepa del Hoyoren senide eta lagunei gure doluminak eta elkartasuna adieraztea. 

2. Gure herrian bake eta bizikidetza testuinguru bat egonkortu nahi dugula berrestea: egungo urruntze eta sakabanatze politika atzean utzi nahi ditugu, eta preso eta senideen eskubideak errespetatuko dituen egoera baten alde egiten dugu. 

3. Zentzu horretan, publikoki eskatzen dugu euskal presoak euren jaioterritik hurbilen dauden kartzeletara eroateko; halaber, kartzeletako eskumenak euskal erakundeen eskuetan uzteko eskatzen dugu, oinarrizko eskubideen aplikazioan aurrera egiteko. 

4. Akordio hau Elorrioko herritarrei berehala jakinaraztea, eta tokiko komunikabideetara eta hedabide orokorretara bidaltzea zabaldu dezaten. 

5. Adierazpen hau, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko honako erakunde hauetara bidaliko da: Arartekoa, Eudel, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra. 

6. Elorrioko herritarrei bihar Abuztuak 5, arratsaldeko 18:00etan Galdakaoko udaletxe plazatik irtengo den manifestaziora joateko gonbidapena luzatzea. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!