Ehun neurriko gobernu planetik ia erdiak eginda dituztela jakitera eman du EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2017ko eka. 21a, 09:37

Legegintzaldiko lehen bi urteetako balorazioa egin zuen atzo gobernu taldeak Elorrioko Iturri Kultur Etxean.

Herritarren aurrean legegintzaldiko lehen bi urteetan egindako lana azaldu eta hauen balorazioa egin zuten atzo Idoia Buruagak eta bere taldekideek. “Jardunaldi hau gardentasun eta parte-hartze ariketa bat da, ezinbestekoa iruditzen baizaigu herritarrei zer egiten gabiltzan esatea” adierazi zuen Idoia Buruaga alkateak ekitaldiaren hasieran.

EH Bilduko zinegotziek, behin eta berriz azpimarratu zuten,  amestutatako Elorrio eraikitzeko lanean dabiltzala, eta beraien gobernantzaren ardatza talde lana eta herritarren partaidatze direla.

“Badakigu nora goazen, badakigu non gauden eta badakigu nora heldu gura dugun” adierazi zuen Buruagak. “Horren adibide da, legegintzaldi hasieran egin genuen ehun neurriko gobernu planetik ia erdiak burututa ditugula” gaineratu zuen alkateak.

Egindako proiektuak
Iturrin egindako jardunaldian EH Bilduko zinegotziek urte bi hauetan egindako hainbat proiektu azpimarratu zituzten: Berrio Otxoa kaleko sarbide sistema berria, Durangaldeko lehen autokarabana gunea, Berdintasun plana, besteak beste. “Denoi gustatzen zaigu gauza handiak egitea, baina, baita gauza txikiak ere.  Horrelakoetan konturatzen gara gauza txikiak ze handiak diren”, adierazi zuen  Xabier Dominguezek.

Egiteko proiektuen artean, esaterako, Belengua kalearen urbanizazioarekin udarako hasteko asmoa daukatela jakitera eman zuten.

Pulla-Azkarretako plana
Epaitegietan dagoen Pulla-Azkarretako planaren inguruan galdetuta, berriz, EAJak bere egunean egin beharrekoak “ez zituela ondo egin”, eta epaia irten arte “ezer” ez dutela egingo  jakitera eman zuten. “Hala ere, gaia mahai gaineratuko genuela esan genuen, eta gure konpomisoarekin aurrera jarraituko dugu”, bukatu zuen Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!