Felipe Larrañaga Zarraoa gudari elorriarra omendu dute, beste 81 kidegaz batera

Markel Onaindia 2017ko eka. 19a, 12:08

Gernikako hilerrian omenaldia antolatu zuen zapatuan Gipuzkoako Foru Aldundiak, bertan lurperatuta dauden EAJko Gipuzkoako batailoietako 82 gudarien alde. Gehienak gipuzkoarrak dira, baina bada elorriar bat ere, Felipe Larrañaga Zarraoa Gazetako auzokidea hain zuzen ere. Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek parte hartu zuten ekitaldian.

Gerra Zibilean zehar Gipuzkoa faxisten esku geratu zenean, hainbat batailoi Bizkaira pasa ziren erresistentzia egitera. Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideek Gernikan ezarri zituzten kuartelak, eta hildakoen omenez, EAJk hainbat hilobi erosi zituen bertako hilerrian. Felipe Larrañaga Zarraoaren iloba Jesus Aristegik azaldu du ez dagoela argi bere osaba Santamañezarreko (Zaldibar) borroketan edo Gernikan hil zen, baina aipatutako hilerrian eman zioten lur. 

1946an, gudari hauen eta beste 270 errepublikanoren gorpuak hilerritik ateratzeko agindua eman zuen alkate frankistak, baina Julian Lejarraga beharginak ez zuen agindua bete, eta gorpuak seinalatu bako hobi komun batean sartu zituen.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!