Elorrioko EAJk EH Bilduren "kudeaketa eskasa" kritikatu du

Maialen Zuazubiskar 2017ko eka. 16a, 14:13

Elorrioko EH Bilduren legegintzaldiko lehenengo bi urteen balorazioa jakitera eman du EAJk, gaur goizeko prentsaurrekoan. Horrez gain, Pulla-Azkarreta industriagunea, Argiñetako nekropoliko museo proiektua eta Fytasa Fundizioa zegoen lurretan kiroldegia egokitzea martxan jarri beharreko proiektu estrategikoak direla azpimarratu du Joseba Mujikak.

Elorrioko EAJko zinegotziek, Joseba Mujika buru dutela, EH Bilduren legegintzaldiko lehen bi urteen  balorazioa egin dute.Prentsaurrekoak EAJko bozeramaileak adierazi duenez, egun gobernuan dagoen EH Bildu kudeaketa "eskasa" egiten ari da. Mujikak adierazi duenez, gobernu taldekoek erabakiak hartu behar direnean ez dituzte hartzen, beraien "esperientzia eza" erakutsiz.

Horrez gain, gobernu taldearen "gardentasun falta" kritikatu dute oposiziokoek. "Kargua hartu zutenean, elorriar guztiekin proiektuak gauzatuko zituztela esan zuten eta praktikan hori ez da horrela", adierazi du Mujikak. "Hainbat proiektutan ez dugu parte hartzeko aukerarik izan, eta hori gutxi balitz kalean jakin dugu proiektu batzuen berri", gaineratu du Mujikak.

Bestalde, Pulla-Azkarreta industriagunea, Fytasa Fundizioa zegoen lurretan kiroldegia egokitzea eta Argiñetako nekropoliko museo proiektua, besteak beste, martxan jarri beharreko proiektu estrategikoak direla adierazi dute. "Uste dugu Pulla Azkarreta industriaguneraren kasua desbloketatu egin behar dela, Elorrioko herritarren alde egin eta apur batzuen interes politiko partikularrak alde batera uzteko", bukatu du Mujikak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!