523.000 euro gehiago bideratuko dituzte Belenguaren urbanizaziorako

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 30a, 09:21

Belengua kalea

Aurreko asteko bilkuran, Elorrioko Udalak aho batez onartu zuen Belengua kalearen urbanizaziorako 523.000 euro gehiago bideratzea.

Bilkuran Idoia Buruaga Elorrioko alkateak jakitera eman zuenez, proiektuan hainbat aldaketa egin behar izan dituzte, hoditeriarena esaterako, eta horrek proiektura diru gehiago bideratzea ekarri du. Bestalde, urbanizazio lanekin udarako hastea aurreikusten dutela adierazi zuen alkateak.

EAJko zinegotziek, 523.000 euroak Belenguako kalearen urbanizaziora bideratzea onartu zuten arren, kritiko agertu ziren gobernu taldeagaz. “Agindutakoa baino urtebete geroago zabiltzate, eta, gainera, Belengua kalean dagoen kooperatibaren gaia ez duzue ukitu ere egin. Badakizue kooperatibaren aktibitateak arazo dezente sortzen dizkietela auzotarrei”, adierazi zuen Joseba Mujika EAJren bozeramaileak.

Oposizioari erantzunez, kooperatiba ez dutela “hiltzen utziko” eta urbanizazioaren proiektuaren barnean kooperatiba sartu eta herritarren arteko bizikidetza eta kooperatibaren aktibitatea bermatu gura dituztela adierazi zuen alkateak.

Horrez gain, EAJk egindako proiektuan zamalanetarako tokirik ez zegoela, eta gobernu taldeak egindako proiektu berrian zamalanei lekua egingo zaiela urbanizazio plan berriak inor kaltetu ez dezan gaineratu zuen Idoia Buruagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!