Gurutze Gorriak lokala zabaldu du Elorrion

Jone Guenetxea 2017ko mar. 14a, 12:11

Bizkaiko Gurutze Gorriak lokala izango du uztailera arte Elorrion, duela gutxira arte udaleko gizarte langilea zegoen bulegoan, Udaltzaingoan. Elorrioko Udalak prentsa oharrean azaldu duenez, Bizkaiko Gurutze Gorriarekin sinatutako akordioaren bitartez, herrian zenbait gizarte proiektu garatu ahalko diren aztertuko dute datozen hilabeteetan.

Hasiera, Bizkaiko Gurutze Gorriak pertsona nagusientzat eta etorkin zein errefuxiatuentzat zuzenduriko bi ekimen sozial jarriko dituela martxan iragarri du udalak. Pertsona nagusientzako programak herritarren bolondres bidezko konpainia zerbitzua sustatuko du. Horrez gain, teleasistentzia zerbitzua eskainiko dute eta bestalde, zahartze aktiboarekin zerikusia duten teknologia berrien tailerrak eta aisialdiko jarduerak ere martxan jarriko dituzte.

Etorkin zein errefuxiatuentzako programari dagokionez, hzkuntza bikoteen bitartez, hizkuntza boluntariotza programa bultzatzea dute helburu. Gaineratu dutenez, "aisialdiko ekintzekin eta hitzaldiekin kulturaniztasuna sustatu eta harrera erraztea da helburua". Honetaz gain, aholkularitza juridikoa ere eskainiko diete premia hori duten herritarrei.

“Elorrion, zorionez, bolondres lan egiten duten elkarte zoragarriak ditugu, Kainabera edota Caritas esaterako. Hala ere, babes gutxiko egoeran dauden pertsonak lagundu ditzaketen ekimenak izatea eskertzekoa da beti, beraz guztiz txalotzekoa da Gurutze Gorriak aldez aurretik daukan jarrera”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Javier Zarraga Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak azaldu duenez, “Gurutze Gorriaren helburua da gure beharra duten pertsonen alboan izatea, beraz espero dugu elorrriarren bizi-kalitatea hobetzen saiatzea. Helburu horretarako, Udalaren bulego hau izatea beharrezkoa izango zaigu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!