Gazteak ahalduntzeko prozesu parte-hartzailea, laster martxan

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 13a, 09:00

Herriko gazte eta nerabeak ahalduntzeko asmoz, prozesu parte-hartzailea jarri dute martxan Elorrion.
Prentsa ohar bidez udalak jakitera eman duenez, 12 urtetik 20 urtera bitarteko gazteek herria nola ikusten duten jakin gura dute. Gainera, prozesu honen bitartez elorriar gazteak ahaldundu gura dituztela adierazi dute.

Elorrioko Udalak jakitera eman duenez, herriko gazteekin Aste Santua baino lehen hasiko dira lanean, eta ikasturtea bukatu  aurretik diagnostiko bat  izatea gura dutela adierazi dute.  

“Ezinbestekoa iruditzen zaigu Elorrioko nerabe zein gazteek herrian sumatzen dituzten gabeziak zehaztea, beraiek dituzten premien berri jakitea eta beraien proposamenak zehaztea”, adierazi du Maitane Lopez gazteria zinegotziak.

Ekintza plana
Behin gazteekin diagnostikoa burututa, urte amaierarako ekintza plan bat osatuta izateko asmoa daukatela esan dute gobernu taldekoek.

Aurrekontuetan Elorrioko Udalak gazteriaren atal propioa dauka, eta bertan zenbait diru-atal dauden arren, arlo hau eduki gehiagogaz osatu gura dutela jakitera eman dute. “Hori dela-eta, gazteekin eta nerabeekin batera ekintza plan hau burutu gura dugu, hurrengo urteetan betetzen joan gaitezen”, gaineratu du Idoia Buruaga Elorrioko alkateak.

Bestalde, martxan jarriko duten prozesu hau burutzeko, hainbat erakunderen proposamenak jaso dituztela adierazi dute ohar bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!