Arantxa Arruabarrena, Cinta Altes, Debora Crespo, Maite Salsamendi, Marta Ortiz de Zarate, Nieves Medela, Rita Ugarriza, Maite Zubia, Kristina Balenziaga eta Mari Carmen Kortabarria dira euren sormena herritarrei erakutsiko dietenak. Bihar egingo dute inaugurazioa, eta apirilaren 21era arte egongo da ikusgai erakusketa.
700 fotogramatan
Debora Crespo gazteak, adibidez, lau irudi eta animazio bat ipiniko ditu Iturrin. Arte Ederrak ikasi eta marrazketan espezializatzen dabil. Eskuz egin izan ditu lanak, baina, “teknologizatzen hasi” eta orain ordenagailu bidez egiten ditu. “Normalean kolore bigaz bakarrik egiten ditut, trazua nabarmentzeko, irudia zelan sortzen doan azaldu gura dudalako”, adierazi du Crespok. Animazioaren kasuan, bideoan neska bat biolina jotzen eta dantzan ikusi ahalko da. “12 segundo dira. Gutxi da, baina sekulako lana da, 700 bat fotograma direlako. Gorputza zelan mugitzen den ikusten da, trazuen bidez”, gaineratu du.
Ez da Elorrion bere lana erakusten duen lehen aldia. Izan ere, Arte Ederretako ikasle batzuekin batera erakusketa bat osatu zuen; hainbat lekutan egon ziren, eta bere herria zen horietako bat, duela bi-hiru urte. “Eragin ona” eduki zuela esan du, eta oraingo honetarako ere hori espero du.
Emazteenak ziren
Emakumeen sorkuntza lanak historian “isilduta” egon izan direla ohartarazi du marrazkilari gazteak. “Sekulako obra famatuak daude kalean edo museoetan, eta uste dugu gizonenak direla. Baina izatez, asko euren andreenak dira. Hori historian ez da ondo azaldu”. Horregatik, balioa eman dio Elorrioko erakusketa eta halako ekimenak antolatzeari, presentzia areagotzeko.
Egungo egoeraz galdetuta, emakumeak protagonismoa hartzen dabiltzala uste du, eta “esperantzagarria” dela. “Apurka-apurka, emakumeok gizartean garrantzia hartzen gabiltza, eta artearen munduan ere bai. Komisarioak-eta beti izan dira mutilak, adibidez, baina badoa aldatzen”, dio artistak.
1987tik lanean
Nieves Medelak hainbat koadro aurkeztu zituen erakusketarako, eta hiru aukeratu dizkiote. Batek harri baten detaile bat islatzen du; beste batek horma baten higadura du oinarri; eta hirugarrena putzu baten ingurukoa da. 30 urte daramatza margotzen. “1987an hasi nintzen, udalak antolatutako ikastaro batean. Giro ona sortu zen, eta jarraitu gura genuen. Horrela, elkarte bat sortu genuen. Gaur egun neu naiz elkarteko presidentea”, azaldu du Medelak. Iturrin eta herriko hainbat tabernatan egin izan dituzte erakusketak, baita Durangon eta Bergaran ere. Elkartetik sei emakume aurkeztu dira.
Erakusketa aukera lez ikusten du. “Aukera ona dela uste dugu, herriari gure artea ezagutarazteko. Harro gaude hartu gaituztelako”, esan du Medelak.