Elorrioko Udalak herriko etxe hutsen alokairua bultzatu gura du

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 28a, 11:35

Alokairua bultzatzeko asmoz, herrian dauden etxebizitzetako jabeek Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50eko errekargua ordaindu beharko dute.

Elorrioko Udalak jakitera eman duenez, etxebizitza hutsak alokairuan jartzeko bultzada eman gura diete elorriarrei. Gobernu taldeko kideek "etxebizitza duin bat izatea eskubide bat" dela adierazi dute prentsa ohar bidez. "Zoritxarrez gaur egun desoreka itzela dago alokairu baten bila dabilen jendearen eta eskaintzen denaren artean, beraz, funtzio sozial hori ez betetzeagatik errekargu bat jarriko dugu", adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Beraz, hutsik dauden etxebizitzeko jabeek %50eko errekargua ordaindu beharko dute hemendik aurrera. Hala ere, gobernu taldekoek adierazi dute errekarguaren berri jabe bakoitzari banan-banan emango diotela. Horrez gain, etxebizitza hutsen jabeek 30 eguneko epea izango dutela alegazioak egiteko jakitera eman dute.

Bestalde, errekargua ez ordaintzeko jabeek hainbat arrazoi izan ditzazketela adierazi dute gobernu taldekoek, esaterako, beraien etxebizitza jarduera profesional bati lotuta dagoelako, alokatuta dagoen etxebizitza delako, saltzeko edo alokatzen dagoelako...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!