"Elorrion zorte handia dugu hainbeste emakume desberdin edukita"

Markel Onaindia 2017ko ots. 21a, 12:13

Martxoaren 8rako egitarau oparoa prestatu dute Elorrion, udalaren eta hainbat elkarteren artean. Aniztasuna hartu dute egitaraua osatzeko oinarri lez. Idoia Buruaga alkateak zeregin horretan parte hartu dutenak zoriondu ditu.

"Elorrion zorte handia dugu hainbeste emakume desberdin edukita, aberastasuna da", adierazi du Aratxu Uriarte berdintasun zinegotziak. Bere esanetan, martxoaren 8aren harira "guztien berezitasun eta eskubideak aldarrikatzea" izango dute helburu. Emakume izateaz aparte, jatorriagatik, erlijioagatik edota sexu aukeragatik ere diskriminazioa sufritzen dutela gogoratu du Uriartek, eta horregatik, "egoera baztertzaileak deskubritzea" gura dutela. Esaterako, emakume migranteekin topaketa bi burutuko dituzte otsailaren 25ean eta martxoaren 6an. Elorrion %5 dira estatuz kanpokoak, eta batez ere Maroko, Bolivia eta Nikaraguakoak dira gehienak. Antolatzaileek bost hizkuntzatan argitaratu dituzte gonbidapenak, eta Kainabera eta Caritasen laguntza ere eduki dute banaketarako. Gainera, ikastetxeetan gaia landu dute.

Bestalde, herriko emakume artisten erakusketa kolektiboa zabalduko dute martxoaren 7an Iturrin. Hamar lagunen lanak egongo dira ikusgai, tartean aurkezpenean egon diren Nieves Medela eta Debora Cresporenak. Emakumeen sorkuntza lanak historian "isilduta" egon izan direla eta, Crespok balioa eman dio horrelako ekintzak antolatzeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!