Ordenantza bidea lantzen dabiltza herri galdeketak egin ahal izateko

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 10a, 10:10

Herritarren partaidetzarako pausoak ematen dabiltza azken aldian Elorrion. Izan ere, herri galdeketak egiteko, ordenantza bat lantzen dabiltza EH Bildu (gobernu taldea), EAJ eta Herriaren Eskubidea alderdiak.

Esaterako, pasa den astean, EAJk herritarren parte-hartzea, informazioa eta gardentasuna normalizatzeko ordenantza aurkeztu zuen udalean. Oposizioko taldeak jakitera eman zuenez, agiriak bilkuretan eta batzordeetan parte hartzeko eskubidea zehazten du.

Joseba Mujika zinegotziak aitortu zuenez, “EAJren iritziz, ezinbestekoa da herritarrekin parte hartzeko bideak irekitzea eta hauei babes legala ematea”.  Beraz, hori lortzeko bidean, eta prozesu horiek arautzeko asmoz, araudia aurkeztea erabaki zutela esan zuten.

Ordenantza garatzen
Gobernu taldeak, berriz, udalak etorkizunean galdeketak antolatzeko gaitasuna izan dezan, 2016tik ordenantza garatzen dabilela jakitera eman du.  EH Bilduk azaldu duenez, irailean aurkeztu zioten beraien proposamena oposizioari. Orain, berriz, oposizioaren —Herriaren Eskubidearen zein EAJren— araudiak aztertu, eta denen artean landuko dituztela adierazi dute.

Idoia Buruaga alkatearen hitzetan, “Horrelako ordenantzek udal barruan barne lanketa sakon bat behar dute, eraginkorrak izan daitezen. Beraz, oposizioko taldeek aurkeztutako proposamenei geurea gehituko zaie, eta udalean gauden alderdi guztiok elkarlanean eztabaidatuko ditugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!