Luzar: “Zauriak ez ixtea nahita egiten da, memoria egin ahal ez izateko”

Markel Onaindia 2017ko ots. 4a, 11:00

Aritz Luzarrek eta ‘Txato’ Guridik zauri bera konpartitzen dute: lagun bana hil zitzaien kartzelan. Duela hiru urte hil zen Arkaitz Bellon, bihotzeko edema baten ondorioz, Puertoko (Cádiz, Espainia) espetxean. Hogei beteko dira Jose Aranzamendi ‘Katxue’ bere buruaz beste eginda topatu zutenetik Alcalá Mecon (Madril, Espainia). Biak hil ziren otsail hasieran; domekan izango da Bellonen urtemuga, martitzenean Aranzamendirena. Espetxe politika salatzeko ekitaldia deitu dute hilaren 7rako, 19:00etan, plazan.

Otsail hasiera berezia izango da zuentzat.
Aritz Luzar: Data hauetan gogoratzen eta pentsatzen egoten gara, ez dugu jakiten ezta zelan kokatu ere. Momentu hartan shock bat izan zen, eta data hauek hurbildu ahala, zurrunbilo horretan sartzen gara. Ostera ere tristura.
‘Txato’ Guridi: Guri ere kostatu zitzaigun Katxuerena sinistea. Kalera atera ginen, haserre, baina ez geunden prestatuta. Nahiz eta jakin zelako egoera bizi zen, bera ondo ikusten genuen. Ez genuen ulertzen; horretara behartu zuten. 20 urte pasatu dira eta gogorra da.

Bellonen harreran espetxe politikari bota zenioten heriotzaren ardura.
A.L.: Jende batek pentsa dezake kasualitate bat izan zela, baina kausalitate bat zegoen, planifikatu egiten dena. Kartzela politika hori pertsona bere ingurunetik urruntzera eta apurtzera bideratuta dago. Ez zen izan naturala. Injustua izan zen, baina injustizia hil baino askoz lehenago hasi zen. Negargarria da, oraindik ere, beste edonori gerta dakiokeela imajinatzea, presoen eskubideak hankapean nola erabiltzen dituzten ikusita. Kartzelara sartzeko oinarri politiko bat zegoen, eta hau konpontzeko ere erabaki politiko bat hartu beharko da. “Betiko kontua” diote batzuek; nik betiko lagun bat galdu nuen, betiko.

Babestuta sentitu zineten?
A.L.: Kolpea ez zen jausi pertsona baten familiaren edo bere espektro politikoaren gainean bakarrik. Dramatikoa eta injustua izan zen herri batentzat. Babesa erabatekoa izan zen. Egun haietan ikusi genuen jende askok bizi duela arazo moduan. Jendeak ikusten du amaitu beharreko zerbait dela.

Oraindik 300 preso inguru daude sakabanatuta.
T.G.: Horrek kezkatzen gaitu. Ez dago dispertsioa ulertzeko erarik, eta hor parte hartu zutenek badaukate abagunea konpontzeko. Preso gaixoak hiltzen ari dira; krudeltasun gordina da, eta elkarbizitzari ez dio ekarpenik egiten.

Asko berba egiten da Gerra Zibileko eta Frankismoko zauriak ixteaz. Zuen zauriak ere bizirik daude. Zelan eraiki behar da etorkizuna ?
T.G.: Gu frankismo garaitik gatoz, antifrankistak izan ginelako gara gu garena. Zaila ikusten dut errelato bakarra idaztea. Baina noiz amaitzen da frankismoa, Francok egindako Konstituzioagaz? Hor dago arazoa. Hortik hasi beharko ginateke zauriak ixten. Erantzukizun konpartitu hadia dago.
A.L.: Nire ustez, zauria ez ixtea nahita egiten da, memoriarik ez egin ahal izateko. Zauria duzun bitartean, zelan joango zara memoriara? Geuk egin beharko dugu zauriak ixte hori, gero gainontzeko dena egiteko. Katxueren eta Arkaitzen kasua zelan kontatuko da hemendik eta urte batzuetara, batez ere mina errepikatzen jarraituko bada? Bada ordua zauriak itxi eta memoria egiten hasteko. Garrantzitsua da kontziente izatea sufrimendua bazter guztietan egon dela. Enpatizatzeko gaitasuna behar da, eta ez errepikatzeari lehentasuna eman behar genioke denok. Urgentea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!