Inbertsio handienak, Ibarra eta Belengua kaleak konpontzeko

Anboto 2017ko urt. 13a, 10:00

EAJ abstenitu egin zen aurrekontuaren bozketan.

7 milioi pasako aurrekontua edukiko du Elorrioko Udalak 2017rako, eta horietatik 610.000 euro inbertsioetarako izango dira. Azken osoko bilkuran onartu zuten plana, EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz. Gobernu taldearen esanetan, “aspalditik” konpontzeko beharra duten Belengua kalearen eta Ibarra auzoko espaloien urbanizazioa dira inbertsio nagusiak.

Bestelako egitasmoen artean, eskolako leihoak aldatzeko zein Musika Eskolako komunak berritzeko 67.000 euroko partida bideratuko dute, eta Argiñetako baselizaren teilatua konpontzeko 50.000 euro aurreikusi dituzte. Pilotalekuan aldagelak eraikiko dituzte, eta Arriolan teilatua konpondu ere bai.

Abstentzio kritikoa
EAJk gobernuaren gestioa kritikatu du, baina abstentzioa negoziaketengatik eman du. Adibidez, zergak ordaintzeko laguntzak 2.500 eurora igotzeko, jeltzaleen ideia onartu du gobernuak. Baina, EAJren ustez, EH Bildu “maila baxuko kudeaketa” egiten dabil. Hainbat egitasmo “egin barik” geratu direla dio, herri ortuena edota enplegu planarena. Pulla-Azkarretako plana bultzatzea ere gura du.

Gainera, partaidetza prozesuan parte hartzeko aukerarik ez dutela izan salatu du, eta herritarrek “zerrenda itxi” batetik aukeratu dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!