Inbertsioen diru-atalik handiena Belenguara eta Ibarrara bideratuko dute

Anboto 2016ko abe. 31a, 08:54

Elorrioko Udalak 2017rako Aurrekontuak onartu ditu EH Bilduko gobernu taldearen eta SQ-2D/Podemosen aldeko botoekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin. Datorren urterako 7.370.975,53 euroko aurrekontua izango du udalak. Ibertsioen artean, "aspalditik" konpontzeko beharra duten Belengua kalearen eta Ibarra auzoko espaloien urbanizazioa izango direla hurrengo urteko erronka nagusienetarikoak azaldu du udalak. Inbertsio berrietarako, guztira, 610.402 euro izango ditu eskuragarri udalak, aurrekontuen %8a, zehazki.

Inbertsio nagusienei dagokienez, Ibarrako urbanizatze lanek 140.000 euroko diru-partida izango dute. Belengua kaleko obrei dagokionez, inbertsioaren atal bat aurrekontuetatik jasoko dutela eta beste guztia gerakinetik batuko dutela azaldu du gobernu taldeak. Eskolako leihoen aldaketako bigarren fasearentzat zein Musika Eskolako komunentzat 67.000 euroko partida bideratuko dute, eta Argiñetako baselizaren teilatua konpontzeko 50.000 euro aurreikusi dituzte.

Horiez gain, Aldatsekua jauregiaren –Nagusien Etxea– kanpoaldea konpontzeko proiektua idazteko 15.000 euro aurreikusi dira. Turismorako ekintzek eta landa eremutako bideak garbitzeko partidak 28.000 euro izango dute batak zein besteak. Gizarte zerbitzuei dagokienez, Ongintza eta laguntza asistentzialak 14.500 euroko partida izango du, besteak beste. Bukatzeko, kiroldegiko frontoian aldagelak eraiki eta Arriolaren eraikineko teilatua konponduko du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!