Aitor Gonzalez: “Elorriok harresi oso indartsua zuen, Bermeo edo Urduñakoaren modukoa ”

Aitziber Basauri 2016ko abe. 11a, 10:00

‘La Muralla de la villa de Elorrio’ liburua kaleratu berri du Aitor Gonzalezek. Elorrioko harresia hiribildua babesteko eraiki zen, defentsarako funtzioa zuen eta, zentzu horretan, Bizkaiko esanguratsuenetarikoa zen, Bermeokoagaz eta Urduñakoagaz batera. Autofinantzatutako argitalpen honen 100 ale argitaratu ditu, eta Durangoko Hitz eta Urrike linburu-dendetan dago salgai. Elorrioko Ilargin ere bai.

Zein izan zen Elorrioko harresiaren garrantzia?
1356an elorriarrak kexu ziren gipuzkoarrak Bizkaira bidelapurretak egitera, asasinatzera... sartzen zirelako. Hori dela-eta, Elorrio hiribildu moduan osatu eta harresitu zezan eskatu zioten Don Tello Bizkaiko Jaunari —urtebete aurretik Markina ere sortu zuen berak—. Beraz, zentzu horretan, elorriarrentzat oso garrantzitsua izan zen harresia.

Babeserako funtzioa zuen?
Hala da, bai. Gainera, jakin badakigu metro bat eta hogei zentimetroko lodiera zuela. Are  gehiago, 1468. urteaz geroztik, lodiera bi metro eta hogei zentimetrora gehitu zen; bikoiztu egin zen. Lodiera nabarmena zuen harresiak.

Hala ere, hasiera batean, egurrezkoa zen harresia.
Bai. Babesa eraikitzea presazkoa zenez, Bizkaiko Jaunak hamar hilabeteko epea eman zuen berez egurrezko hesia izango zena eraikitzeko. Baina, gerora, harrizko harresi edo hesi batengatik aldatuz joan zen.

Oro har, harresi guztiek zuten defentsarako funtzioa? Zentzu horretan berezia al da Elorriokoa?
Oinarrian, harresi guztiek zuten babesteko funtzio hori. Hala ere, batzuek beste batzuek baino gehiago. Prestigioaren adierazgarri moduan ere altxatzen ziren harresiak, eta disuasio-funtzio bat ere betetzen zuten. Bizkaiko harresirik gehienak ahulak ziren; aldiz, Elorriok harresi oso indartsua zuen, Bermeokoaren edo Urduñakoaren modukoa. Hiru hauek, hain justu, defentsarako funtzioa izan zezaten eraiki ziren. Alde horretatik, Bizkaiko esanguratsuenak dira horiek.

Orain ikusi daitezke Elorrioko harresiaren aztarnak.
Harresiaren bi ate mantentzen dira gaur egun:  Kanpo aldeko Atea —Arespakotxaga Jauregiari atxikita dago—eta Ibaiko Atea —Iñurrieta kalearen bukaeran dagoena, ibaiaren alboan—; azken hori ataka txiki bat zen, oso baxua, txikia. Kanpo aldeko Atea, berriz, ederra da gaur egun ere. Sei metroko altuera eta lau metroko zabalera ditu. Ezkutu bat ere badu. Ate ederra da, eta aipatu behar da ia-ia eraitsi egin zutela 1905ean. Elorrioko harresiaren gainontzeko lau ateak XIX. mendean eraitsi zituzten. Harresiak zaharkituta zeudela, ezertarako ez ziren ustea oso zabalduta zegoen Europa guztian, eta makina bat harresi bota zituzten ezjakintasunarengatik. Elorrio ez zen salbuespena izan. 1829an bota zuten bat, eta beste hirurak 1869an.

Elorrion sute handia gertatu zen XV. mendean. Nola eragin zuen horrek harresian?
1480an izan zen sutea, eta hiribilduaren heren bat erre zen. Horrexegatik falta da etxebizitza etxadi bat gaur egun ere. Harresian ere eragin zuen. 1992an indusketa arkeologiko batzuk egin ziren, eta kiskalitako harriaren aztarnak aurkitu zituzten; sute haren hondarrak direla uste dute.

Zergatik Elorrioko harresia?
Beraien harresien aztarnak mantentzen dituzten hiribilduei buruzko argitalpenak egiten ditut nik. Hau zazpigarrena dut. Zergatik? Informazioa jasotzeaz gainera, bertara joateko aukera du irakurleak, eta ikusi zertaz ari naizen. Elorriok harresiaren bi ate mantentzen ditu, eta, horrez gainera, zenbait etxetako fatxadetan harresiaren zati diren hainbat aztarna ikusi daitezke. Etxe gutxi dira, aztarna gutxi dira, baina hor daude.

Iaz Portugaleteko harresiari buruzko argitalpena kaleratu zenuen. Elorriokoa eta hura oso desberdinak dira?
Guztiz. Portugaletekoak, batez ere, disuasio-funtzioa zuen. Harresi oso ahula zen, ez zuen metro bat baino gehiagoko lodiera izango. Elorriokoa, berriz, oso harresi indartsua zen. Aipatu dugun moduan, 1356an hiribildua sortu zenean eraikitakoa, eta defentsarako funtzio argi bategaz. Altuagoa zen, lodiera handiagokoa, eta badakigu almenak zituela. Horrez gainera, datu berri lez, eta liburuan azaltzen dudan bezala, jakina da ere harresiaren ia ate guztiak ate-dorreak zirela.

Bereziki atentzioa deitzen dizute harresiek?
Bai. Batzuek zigiluen bilduma egiten dute, beste batzuek komikiena, nik harresiei eta gazteluei buruzko liburuak egiten ditut. Egia esan, gaiaren zale amorratua naiz, 19-20 urte nituenetik. Harresiei buruz ez ezik, dorretxeei buruz ere idatzi izan dut.

Gure historian paper garrantzitsua bete dutela uste duzu?
Bai. Oso nabarmena. Oinaztarren eta Ganboatarren arteko bando-gerrak erabakitzaileak izan ziren hiribilduak sortzerako orduan, harresitutako hiribilduak. Are gehiago, gure herrietako alde zaharrak mugatu izan dituzte. Harresi haien oinordetza da gure herrietako alde zaharren garapen urbanistikoa.

Nola batu duzu informazioa? Elorriori buruzko bibliografia nahiko eskasa da. Beraz, artxiboetako informazioagaz osatu dut liburua: Elorrioko udal artxibora, Bizkaiko Foru Aldundiko artxibora, Bizkaiko probintzia-artxibo historikora eta Elorrioko hiri jabetza-erregistrora jo dut. Tokiko historiagileren bategaz eta bertako abadeagaz ere hitz egin dut. Urtebete inguru behar izan dut liburua osatu eta kaleratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!