‘Indarkeria matxistari aurre egiteko estrategia instituzionala’ berbaldia eskainiko duzu, azaroaren 29an, Elorrion. Zer entzuleri zuzendua dago?
Arlo politikoan dihardutenei zuzenduriko berbaldia da, baina interesa daukan edozeinentzat ere zabalik dago.
Durangaldean biolentzia matxistaren kontra aplikatzen den protokoloaren aholkulari izan zinen. Bere aplikazioaren zer balantze egiten duzu?
Bost urte daramatzagu lehenengo Protokolo hori ezartzen, eta denbora honetan hainbat hobekuntza egiten joan gara; Abadiño, Berriz, Durango eta Elorrioko udalen, Amankomunazgoaren, Osakidetzaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari dagokionez, esaterako. Hiru mailatan gauzatzen da koordinazio hori: mahai orokor bat dago, mahai politiko bat, eta teknikoa azkenik. Horietan parte hartzen dutenek biolentziaren inguruko formazioa jasotzen dute urtero, eta horrek lagundu egiten du zerbitzua hobetzen eta eragileen espezializazioa garatzen.
Zer onura ekarri du Protokoloa martxan jartzeak?
Besteak beste, eta oraindik egiteko asko dugun arren, lau udalerri hauetan aurre egin behar diogun biolentziari buruzko ezagutza gero eta handiagoa hartzen gabiltza. Gutxinaka goaz ulertzen zer egoeratan gertatzen den, zer motatako biolentzia den, eta pairatzen duten emakumeek zer ezaugarri (adina, jatorria...) dauzkaten. Horrek berdintasunaren aldeko politikak egokitzen laguntzen digu. Gutxinaka, emakumeek eskura dauzkaten zerbitzuen inguruko informazioa ere hedatzen gabiltza. Protokoloaren eta emakumeen eskubideen berri emateko berbaldiak eskaini, elkarteekin harremanak landu, eta arreta psikologikorako zerbitzu bat martxan jarri dira.
Zertan hobetu behar litzateke Protokoloari dagokionez?
Emakumeen kontrako biolentziaren detekzioan, koordinazioan eta arretan pauso gehiago eman behar ditugu. Hain zuzen ere, hobekuntza horiek jasoko ditu, besteak beste, gaur egun diseinatzen gabiltzan bigarren Protokoloak.
Udalek zer paper jokatu behar dute genero biolentziaren kontrako borrokan?
Emakumeen kontrako biolentziari aurre egiteko funtsezkoak dira udalak. Alde batetik, erabakigarria da berdintasunaren aldeko eta emakumeen kontrako biolentziaren politika publikoek daukaten garrantzia. Horretarako, giza baliabide, eta baliabide ekonomiko eta administratibo nahikoak dauzkan Berdintasun Zerbitzu sendo bat eduki behar dugu, behar besteko aurrekontua daukana. Hain justu ere, aurrekontu horiek izango dira udalen genero biolentziaren kontrako konpromisoaren erakusle. Bestalde, Gizarte Zerbitzuak eta Udaltzaingoa dira, askotan, emakumeak artatzen dituzten lehenengoak, eta, horregatik, alor horien baliabideak eta horietan dihardutenen espezializazioa bermatu behar dira. Izan ere, Gizarte Zerbitzuak dira laguntza integralaren ardura daukatenak. Azkenik, instituzio publikoek gizarte sare feminista baten garapena bultzatu behar dute: emakumeen eskubideen alde eta diskriminazioaren kontra borrokatuko den jendartea. Gizarte osoari dagokio biolentzia hautematea, eta berau jasaten duten emakumeei laguntzea.
Beste herrialde batzuetakoagaz alderatuta, zelakoa da, zure ustez, biolentzia matxistari aurre egiteko daukagun legedia?
Espainian 2004an onarturiko legea mugarri izan zen, eta Nazio Batuen saria ere jaso zuen. Emakumeek beraien bikotekide edo bikotekide ohiengandik jasaten duten biolentziari heldu zion lege horrek, eta adin txikikoak ere barne hartzen zituen. Baina, emakumeen kontrako gainontzeko biolentziak kanpo utzi zituen. Nafarroan eta EAEn, adibidez, aurrerapauso gehiago eman izan diren arren, Europa Iparraldeko herrialdeetan badaude hemengoak baino eredu aurreratuagoak. Europako Kontseiluak 2014an martxan ipini zuen hitzarmenak emakumeenganako biolentzia mota guztiak hartzen ditu kontuan, ez genero biolentzia bakarrik, eta uste dut arlo horietan gero eta aurrerapauso gehiago emango ditugula.
Zelan uztartu legedian eta arlo instituzionalean ematen diren aurrerapausoak eta arlo sozialekoak?
Mugimendu feminista legediaren aurretik joan izan da, eta orain ere akuilu lanak egiten ditu: emakumeek hamarkadak daramatzate beraien eskubideen alde borrokatzen, eta horrek bultzatu ditu legediaren aldaketak. Edozelan ere, badago hartutako neurrien eta emakumeen kontrako diskriminazioaren errealitatearen arteko kontraste bat, eta egia da baita ere, legediaren aldaketa Europako edo nazioarteko beste erakunde batzuen exijentziaz ere egin direla.