Katastroa: EAJ, berandu eta gaizki
Nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak behingoz katastroa eguneratzeko erabakia hartu duen, berandu eta gaizki egin du. Ez dakienarentzat, katastroak erabateko eragina du elorriar guztiengan, izan ere, funtsezko balioa da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ, edo IBI, erderaz) ordaintzerako orduan. Eta zein da arazoa? arazoa da Aldundiak 40 urte daramatzala katastroaren balioa eguneratu gabe; hau da, ez da berritu sortu zenetik. Batzuek beren diskurtsoa “gestio onean” oinarritzen duten arren, horrelako gertakarietan erakusten dute beraien “esperientzia”.
Gu ere ados gaude katastroa berritzearen beharrarekin, izan ere, uste dugu guztiz zaharkitua dagoela etaelorriar gehienei kalte egiten diela. Hala ere, denboran lehenago eta presarik gabe egin beharko litzatekeela deritzogu, egin diren akats guztiak zuzentzeko aukera egon dadin. EAJko buruzagiak: 40 urtetan ez baduzue katastroarekin ezer egin, zergatik sartzen zaizue azken momentuan presa guzti hau? Ez litzateke hobeagoa izango denboraz eta lasaitasunez egitea?
Ikus dezagun Elorrion eman daitekeen adibide bat ikusteko nola eragingo digun katastroaren eguneraketa honek:
Anek 90 metro karratuko pisu bat erosi zuen duela 40 urte, eta bere etxebizitzaren balio katastrala 10.000 eurokoa da (nahiz eta ez den merkatuko balio erreala, balioa ez baita 40 urtetan berritu). Mikelek, Aneren lagunak, berriki eraikitako etxebizitza bat erosi du azken horren parean. Bi etxebizitzek dituzte ezaugarri berberak, hala ere, Mikelen etxebizitzaren balio katastrala 50.000 eurokoa da, duela gutxi baloratu baitute.
Hobeto ulertzeko, OHZa (IBIa) ordaintzeko bi balio izaten dira kontuan. Alde batetik, balio katastrala (Aldundiak erabakitzen duena), eta, bestetik, Udal bakoitzak balio katastral horri ezartzen dion tasa. Modu horretan, udalak orain arte ezartzen zuen tasa %1ekoa balitz, Anek 100€ ordainduko lituzke (bere balio katastrala 10.000€koa baita), eta Mikelek, berriz, 500€ (bere balio katastrala 50.000€koa delako). Guztira, 600€ ordainduko dizkiote Udalari, udal-ondasunetara bideratuko direnak.
Bi etxebizitzak ezaugarri berberak dituztenez, demagun Aldundiak, katastroaren eguneraketan, bi etxebizitzak 80.000€tan baloratu dituela (kasu batzuetan %800 baino gehiago igo ditu). Hemendik aurrera, beraz, biek ordainduko lukete diru kopuru berbera. Baina, zenbat? Udalak %1eko tasa ezartzen jarraituko balu, bakoitzak 800€ordaindu beharko lituzke, baina hori guztiz gehiegizkoa iruditzen zaigu.
Hori dela eta, Elorrioko Udaletik erabaki dugu tasa murriztea balio katastral orokorra hazten den heinean. Modu horretan, Udalak orain artean jaso duen diru kopuru berbera jasoko du hemendik aurrera. Aurreko adibidearekin jarraituz, Udalak bere tasa %0,38ra murriztuko balu, Anek eta Mikelek 300€ inguru orainduko lukete. Horrela, nahiz eta Udalak diru kopuru berbera batuko duen (600€), zergaren zama modu bidezko batean banatuko da.
Edozelan ere, ziurrenik Ane haserre ibiliko da, orain artean baino diru gehiago ordaindu beharko duelako (%300 gehiago), eta Mikel pozik egongo da OHZa jaitsi diotelako, baina bera izan da orain artean beharko lukeena baino gehiago ordaintzen aritu dena.
Aldundiaren eskaerei erantzunak
Udalean daukagun arazo handiena da ez daukagula gaitasunik elorriarrek OHZren inguruan dituzten zalantza edo kezka guztiei erantzuteko. Zergatik? Ez dugulako guk erabakitzen, ezin dugulako gure kabuz aldatu eta ezin ditugulako egin diren akats guztiak konpondu (40 urtez besoak gurutzatuta eduki ostean, batzuen presen emaitza da guzti hau).
Orain arte Aldunditik egin dizkiguten eskaera guztiei erantzun diegu, nahiz eta modu lardatsu batean ibili diren. Gainera, birritan eskaini diogu Aldundiari udaletxeko bulego bat elorriar guztien zalantzak argitu ditzan, baina uko egin dio. Nahiz eta tristura eragiten digun, ezin dugu elorriarrak Durangon zabaldu duten bulegora zuzentzea besterik egin, nahiz eta jakin badakigun bertan ‘eskuak garbitu’ eta baloiak kanpora botatzen dituztela, ardurak bere gain hartu gabe. Izan dira kasuak non Udalei egotzi dieten OHZren prezioaren ardura, esanez Udalek erabakitzen dutela zein prezio ezarri, eta hori ez da egia ez eta %25ean.
Presaz, ondo beharrean
Lehenago adierazi dugun bezala, uste dugu katastroaren eguneraketa beharrezkoa dela, bazeudelako elorriar asko beharko luketena baino gehiago ordaintzen zutenak. Baina, beste alde batetik, ulertzen diegu ‘aitaren batean’ beren balio katastrala eraesanguratsu batean igo dieten horiei. Gure ustez, 40 urte hauetan zehar era mailakatu batean igo beharko zuten balio katastrala, orain gertatu den belarrondokoa gertatu ez zedin.
Honen guztiaren gauzarik txarrena da Aldundia bere lana presaz egiten ari dela ondo egin beharrean, eta horren ondorioz aldatu ezinezko hainbat gauza txarto egingo direla.
Beraz, Elorrioko EH Bildutik adierazi nahi dugu ez dugula onartuko elorriarrei egia ez esaten aritzea, batez ere azken 40 urteotan beren lana egiteari uko egin dieten horien aldetik bada.