Inoiz baino eremu gehiagotan landuko dute Elorrioko aurrekontua

Anboto 2016ko urr. 25a, 12:37

2017ko egitasmoak zehazteko, udal aurrekontua lantzeko prozesu parte-hartzailea hasi du udalak, eta gobernuko kargudunek harreman zuzena edukiko dute herritarrekin.

Idoia Buruaga (EH Bildu) alkatearen arabera, aurreko aldietan -EAJren gobernupean- enpresa bidez gestionatu dira batzarrak, baina kasu honetan, zuzenean jaso gura dute iritzia. Bihar arratsaldean egingo dute lehen batzarra elkarteekin, eta azaroaren 9an landa eremuko auzokideekin batuko dira.

Bestalde, Jon Ander Gracia zinegotziak azaldu du "inbertitzeko gaitasun oso txikia" geratuko zaiela, Aldundiko Udalkutxaren ekarpena bajatuko delako. Iaz 300.000 euro bajatu zen, eta aurten beste 184.000. Graciak dioenez, 7 milioi inguruko aurrekontutik 4 bat dira Aldundiak ematen dituenak. Horregatik, “eragin nabarmena” duela uste du. Hala ere, udalaren egoera ekonomikoa ona dela dio.

EAJri erantzuna
EAJk kritika egin zuen, esanez prozesutik kanpo utzi dituztela. Hori dela eta, "gardentasun falta" egotzi zion gobernuari. Buruagak erantzun du EAJk bazekiela gaur goizerako batzordea deituta zegoela, eta "harrituta" hartu dute kritika. Gonbidatu arren, udaleko hainbat batzarretan ez parte hartu izana egotzi die jeltzaleei.


Batzar deialdiak:

-Urriak 26: Elkarteekin, udaletxean 19:00etan

-Azaroak 8: Kulotxa auzoan, 17:45ean

-Azaroak 9: Baserri eremukoekin, udaletxean, 19:00etan

-Azaroak 10: Ibarra auzoan, 17:30ean

-Azaroak 16: Udaletxean, 19:00etan

-Azaroak 17: Otsa kalea, 17:30ean

-Azaroak 18: Plazan, 11:00tan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!